Enpresa propioak garatu ahal izateko laguntza eskainiko die udalak herritarrei

2013/06/12
Ekintzailetza tailerretan herritarren enpresa ideiak edo proiektuak aurrera atera ahal izateko formakuntza saioak eskainiko dituzte

Udalak norbere enpresa sortu nahi dutenentzako tailerrak eskainiko ditu urrian. Ekintzaileei enpresa propioa sortzeko bidea erraztea eta bide hori egiten laguntzea da Udal Garapen Batzordearen asmoa.

Ekintzailetza tailerren bidez, herritarrei Mutrikun bertan baliabideak eskaini nahi dizkiete enpresa ideiak edota proiektuak garatzeko. “Ekintzailearen bidea bakartia ez izatea lortu nahi dugu. Norbere enpresa sortzean lehen pausuak izaten dira gogorrenak, eta horiek emateko beharrezko prestakuntza da eskainiko duguna”, azaldu dute.

Hiru asteko prestakuntza saioak izango dira urrikoak: lehen bi astetan ideia/proiektua/asmoa martxan jartzeko bidean egin beharrekoen gaineko formakuntza jasoko dute herritarrek. Hirugarren astean, berriz, balizko enpresaren bideragarritasun plana egingo dute merkatuan aurrera egiteko dituen aukera errealak ezagutzeko.