Semaforo bidez erregulatuko da trafikoa lur-jausiaren ondorioei erantzun egokia eman arte

Lehendakari Agirre Etorbidean izan da gertaera: lur-jausi baten ondorioz, errepidea itxi behar izan dute eta bertako etxebizitza batek kalte handiak izan ditu. Errepidea bere onera etortzen hasi zen 16:00ak aldera, errail bat irekitzea lortu zuten. Etxebizitzaren gaiak luzagorako emango du.
Errepidearen segurtasuna bermatzeko egin beharrekoen inguruan lanean ari da Udala Diputazioarekin.
Domekan, 00:00ak aldera, izan zen gertaera. Lur-jausia egon zen, eta Galdonako bidegurutzea baino lehenagoko etxebizitzetan kalteak eragin zituen. Errepideraino iritsi ziren lurra eta harriak, eta errepidea itxi egin behar izan zuten. Udal ordezkariak eta larrialdietako langileak 03:00ak aldera arte egon ziren gunean. Zorionez ez zen zauriturik egon: etxebizitzan ez zegoen inor, ezta errepidean ere.
Lur-jausiaren ondorioz, errepidea eta lursaila banatzen dituen paretak behera egin zuen zati baten eta espaloia eta paretaren artean zuloa egin da. Paretaren beste zati baten, haren kontra lurrak eragiten duen presioaren ondorioz, pareta sabeldu egin da.
Astelehen goizean udal teknikariek bertaratu ziren; besteak beste, hirigintza teknikaria eta arkitektoa bertaratu dira arazoa bertatik ezagutzeko eta egoera zein de ikusteko. Haiekin batera egon zen Joseba Palenzuela alkatea ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunerako eta Bide Azpiegituretako Departamentuko teknikariak ere bertaratu ziren. Haien kezka nagusia errepidearen segurtasuna izan da. "Bide erdian babes moduko bat jarri nahi dute beste lurjauzirik balego errepidearen errail bat beti salbu mantentzeko", adierazi du alkateak. Astelehen arratsdaldean erraila irekitzeko erabakia hartu zuten Aldundiko teknikariek, eta arazoari behin betiko irtenbidea eman arte, semaforo bidez erregulatuko da gune horretan trafikoa.
Kaltetua izan etxebizitzako bizilagunekin bizilagunekin harreman zuzenean egon zen alkatea gertaera pasa zen unetik eta, ahal zuen heinean, etxebizitzari lotutakoekin lagundu zien.