Etxeko gotorlekua, auzitan

2014/04/08
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen %20,8k euskara erabiltzen dute etxean, 1981ean baino puntu bat gutxiagok; euskaldunen soslaia aldatu egin da: gero eta gehiago dira hirietan bizi diren gazteak.

Euskarak etxeetan izan duen gotorlekua ahultzearen lehen sintomak agertu ditu V. Mapa Soziolinguistikoak: 1991n, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %21,8k erabiltzen zuten euskara etxean; 2011n, %20,8 ziren. «Ez nuke esango etxeko gotorlekua galtzeko arriskuan dagoenik, baina ez dagoenik ere ez. Galduko balu, kezkagarria litzateke hizkuntzaren osasunerako: euskara ez badugu etxeko egongelan natural erabiltzen, bigarren mailako hizkuntza izango da», esan zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Egoera «paradoxikoa» da: «Duela hogei urte askoz etxe gehiago ziren kide euskaldun bakar bat ere ez zutenak». Hain zuzen, etxeko erabileran ez da nabari euskara gaitasunean 1981etik hona izandako hazkundea. Egun, biztanleen %36,4k ondo dakite euskaraz —749.000 lagunek—, duela 30 urte %22 baino ez zirenean; aldi berean, orain hiru hamarkada herritarren bi heren erdaldun hutsak ziren; egun, %44 dira.

Euskaldunen soslaian «aldaketa erradikala» gertatu dela azaldu du Baztarrikak. Batetik, gaztetu egin dira: 20 urtez azpikoetan, %70etik gora euskaldunak dira —1981ean ez ziren %20ra heltzen—. Gazte gehienentzat, ordea, euskara ez da lehen hizkuntza, eskolan ikasia baizik: euskal hiztunen %42 dira euskaldun berriak, baina 30 urtetik beherakoetan %58ra igotzen da kopurua.

Bestetik, «urbanizatu» egin dira: euskaldun berrien erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira: hiriburuak, Barakaldo, Getxo, eta Irun. Eta hor dago erabileraren gakoetako bat: «Euskaldun gutxi dituzten hirietan daude: hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi dituzte». Euskaldun zaharren artean ere gutxitu da erabilera: «Elebitasun desorekatuaren ondorioa da: euskal hiztun askok ezin dute hizkuntza etxean erabili, senideren batek ez dakielako».

Antzeko joera dago haur eta gazteengan. Baztarrikak gogoratu du etxean jasotako hizkuntzarekiko «lotura afektiboa» handiagoa dela, eta hiztunek erraztasun handiagoa dutela lehen hizkuntzan: «Bikote mistoen artean, heren batek ez du etxean transmititzen. Gurasoei jakinarazi behar diegu euskara etxean ere erabiltzea euskarazko eskolara bidaltzea bezain garrantzitsua dela».

BILBON EUSKALDUN GEHIEN
Hiriburuen artean, Gasteizek izan du hazkunderik handiena, ezagutza maila apaletik zetorrelako: bertako biztanleen %3,5 ziren euskaldunak 1981ean, eta %21,5era igo zen kopurua 2011n. Donostiak du euskaldun portzentajerik altuena, %40koa, baina Bilbon dago euskal hiztun kopururik handiena: 73.760 (%22,1).

Gune soziolinguistikoek, berriz, 2006ko joera bera dute: gutxiago dira euskaldun oso gutxi dauzkaten herriak, baina euskaldun asko dituztenak ere bai. Herritarren %66 bizi dira bigarren gunean, herritarren %20-50 elebidun diren tokietan; %50-80 elebidun diren herrietan bizi dira %22.

ITURRIA: Berria.info