Etxeko txikiek nekazaritzara hurbiltzeko modua edukiko dute biharko azokan

2014/05/09
Bertoko ekoizleek sasoiko produktuak erosteko aukera jarriko dute herritarren eskura, beste behin ere; bertan izango da ere, Idiazabalgo lehiaketa irabazi berri duen Goienetxe gazta

Merkatu txikiak ateak irekiko ditu beste behin ere, bertoko eta sasoiko produktuak herritarrei esku-eskura jartzeko. Oraingoan, ordea, etxeko txikiek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, nagusiek erosketak egin bitartean, umeek nekazaritzari lotutako tailerretan parte hartzeko aukera edukiko dute.

Tailerrak Txantxangorrikoek antolatuko dituzte, eta adinaren araberako taldeak osatuko dituzte. 3-6 urtekoek barazkiak margotuko dituze lehendabizi, eta ondoren, azokan bertan marraztutakoa topatu beharko dute. 7-12 urte bitartekoek, berriz, letxugak landatzeko aukera edukiko dute. Tailerrak 11:00etatik 13:00etara izango dira, Beheko plazan bertan

Azokara hurbildu nahi dutenek, ordea, ordutegi zabalagoa edukiko dute: 09:00etatik 14:00etara.  Idiazabalgo saria irabazi berri duen Goienetxeko gaztagileak ez dio hutsik egingo azoka txikiari eta harekin batera, ohi bezala, Ibiri, Ondare, Itsagain, Antia, Aritza, Ekalboraz eta Iratxe loradenda izango dira plazari bizia emango diotenak.