Euriari aurre egin diote Samikollako jaiek

2013/09/10
Ramonita Garagarza eta Juan Martinez izan dira auzokide omenduak; zozketa zenbaki sarituak ere jakinarazi dituzte.

Ramonita Garagarza eta Juan Martinez izan dira euren auzokideen aipamen berezia jaso dutenak Samikollako jaixetan. Euria egin arren, Samikollakoek aurrera egitea erabaki dute, eta dituzten azpiegiturak erabilita, omenaldia ez ezik, meza eta hamaiketa ere eman dituzte.

Iragarritako orduan hasi dute elizkizuna, eta jende mordoxka bildu da ueriari aurre egiteko inprobisatutao kapillan. Elizkizuna amaitu aurretik, Tolentinoak bedeinkatu eta banatu dituzte. "Gure auzko San Nikolas, San Nikolas Tolentinokoa da. Lehen komentuan egiten zen hau, baina monjak joan zirenetik, santua auzokoa denez, hemen egiten dugu", azaldu du auzokideetako batek. Parrokoak azaldu duenez, Tolentinoko San Nikolasen kezka nagusia ogia edo janaria bildu eta jendearen artean banatzea zen, eta hori da bere egunean opiltxoen banaketa egitearen arrazoia.

Meza bukatuta, auzotarren omenaldia etorri da: auzoko nagusiek auzoko gazteen eskutik opariak jaso dituzte. Juan Martinezi txapela jantzi dio bere biloba Ander Urrosolok eta Ramonita Garagarzak Ainhoa Mugerzaren eskutik lore sorta jaso du. Omenduak senar-emazteak dira, eta Samikollan bizi dira 60. hamarkadaren hasieratik. Biak bietara oso pozik zeuden.

Hamaiketako jateko tartea hartu dute ondoren: txorixoa eta salda guztientzako. Eta egunari amaiera emateko zozketako irabazleen berri eman dute: lehen saria, Jarri-Tokin bi lagunentzako afaria, 1.213 zenbakiarentzat da (ordezkoa 1.650). "Oraindik ez da irabazlea agertu". Bigarren saria, berriz, Mutrikuko produktuekin osatutasko otarra, momentuan bertan eraman du irabazleak (Juan Mari Burgaña. Zenbakia: 2511).