Eurijasen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko lanean ari da Udala

2013/02/14
Azken lurjausia bart , Samikollan, izan da; goizean udal ordezkariak teknikariekin batera bertaratu dira.

Eurijasen ondorioz izandako azken lurjausia atzo gauean, Samikollan, izan zen. Kalterik ez da izan pertsonengan, baina jausitako lurrak eta harriek zenbait kalte material eragin dituzte. Udala jausi den malda segurtatzeko lanean hasia da.

Malda Samikollako etxebizitza baten atzeko aldean dago, eta etxebizitzaren kontraraino heldu da jausitako materiala. Gaur goizean udal ordezkariak eta teknikariak eta hormak sendotzen aritzen diren enpresa bateko teknikariak bertaratu dira. “Teknikarien lehen balorazioaren arabera, badirudi jausi beharreko guztia jausi dela”, adierazi du Joseba Palenzuela alkateak. “Hala ere, Udalak azterketa geoteknikoa egiteko asmoa du, eta lan hori betetzen duen enpresa batekin harremanetan gaude”. Azterketa geoteknikoaren helburua honako hau da: maldaren egoera zehatz ezagutu eta aurrera begira egin beharrekoak zeintzuk diren jakin. “Hori egindakoan hartu beharreko neurriak hartuko ditugu”. 

Azterketa geoteknikoaren arduradunak bihar (hilak 15) bertaratuko dira gertaeraren lekura. “Haiek esandakoarekin eta esnadako modura lehen garbiketak egiteko modua edukiko dugu”, azaldu du udal aparejadoreak.

BIZILAGUNAK EUREN ETXEETANSamikollako lurjausia

Lurjausia atzo gauean hasi zen. Udal ordezkariek auzotarren abisua jaso bezain laster bertaratu ziren. Ertzaintza eta suhiltzaileak ere deitu zituzten.

Ertzaintzaren eta suhiltzaileen gomendioak jarraituz, udal ordezkariek maldaren aurreko aldeko etxebizitzak hustu zituzten. 12 etxebizitza izan ziren hustutakoak. “Eraikinak ez zeukan kalte larririk, baina iluntzen zegoen eta lur gehiago jausiko zen jakiterik ez zegoen. Zuhurtziaz jokatzea erabaki genuen, jendearen segurtasuna baida lehenengoa”, dio alkateak.

Gaur goizean ia bizilagun guztiek etxera bueltatzeko modua izan dute, teknikariek lehen balorazioa egin ondoren. “Etxebizitza bateko terrazara lurra eta harriak jausi dira. Hori ikusita, etxebizitza horretako bizilagunei badaezpada oraindik ez bueltatzeko gomendioa egin zaie”, zehaztu du alkateak.

 

BESTE BI LURJAUSIAK
Azkenengo eurijasen ondorioz, Samikollakoaz gain, beste bi lurjausi garrantzitsu ere izan dira: bata Saturraran hondartzarako bidean, kanpinaren parean, eta bestea, Samikollatik portura doan paretean.

Saturrarango errepideko lurjausiak errepidearen errei bat guztiz itxi zuen. Udalak hura garbitzeko beharrezko baliabideak martxan jarri zituen, eta atzo arratsaldean bertan guztiz garbitu zuten bidea.

Samikolla-portua pareta aztertzenSamikollatik porturako pareta, berriz, hormak sendotzen aditua den teknikari batek aztertu du gaur goizean. Harek esandakoaren arabera, lehen lana horma garbitzea izango da, “hormaren benetako egoeraz jabetu ahal izateko”. “Hurrengo pausoa azterketa geoteknikoa egitea izango da, eta azterketa horren arabera jardungo dugu, Samikollako beste lurjausian bezalaxe”, azaldu du alkateak.

Lurjausi txikiagoak ere izan dira herrian, Txurruka Tenienteak etorbidekoa edo Alkolea parekoa, esaterako. “Lurjausi horien kalteak udal brigadari esker konpondu dira. Haien lana eskertzekoa da benetan”.