Euskal Kostaldeko Geoparkeak promoziorako bideoa estreinatu du

2013/01/10
Ikus-entzunezkoak Euskal Kostaldeko Geoparkearen erakargarritasun naturala, kulturala, geologikoa eta turistikoa nabarmentzen du.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak promoziorako bideoa egin berri du. Bideoaren helburua lurralde honen erakargarritasun naturala, kulturala, geologikoa eta turistikoa ezagutzera ematea eta zabaltzea da. Paisaia-dibertsitatea eta turismorako zein aisialdirako hainbat proposamen jasotzen ditu bideoak.

Ikus-entzunezkoak 4 minutu inguru ditu. Bertan Geoparkeko toki esanguratsuenak azaltzen dira, baita lurraldearekin harremana duten hainbat lagunen adierazpenak ere. Adierazpenak, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa) daude. Halaber, bideoaren grabazioan zonaldeko hainbat boluntariok eta sektore turistikoarekin loturiko enpresek parte hartu dute.

Geoparkeko gerente Leire Barriusoren esanetan, “bertako zein kanpoko jende asko gurera erakartzeko tresna izango da bideoa, Geoparkea ezagutzen ez duenarentzat aurkezpen-gutun bikaina da eta”.

Lana Alberto Gorritiberea zine zuzendari zumaiarrak zuzendu du eta musika Bingen Mendizabal konpositore ezagunarena da.

Bideoa Geoparkearen Youtube-ko kanalean dago eskegita.