Euskal Kostaldeko Geoparkeak Flysch & Karst pintxo lehiaketa antolatu du

2013/11/13
Zumaiako, Debako eta Mutrikuko ostalaritza-establezimenduei zuzenduta dago; helburua euskal Geoparkea hobekien ordezkatuko duten bi pintxoak hautatzea izango da, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa izena hartuko dutenak.

Zumaiko, Debako eta Mutrikuko ostalaritza-establezimenduei zuzenduta dago lehiaketa. Helburua euskal Geoparkea ondoen ordezkatuko duten bi pintxoak hautatzea izango da, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa izena hartuko dutenak.

Egitasmoa azaroaren 30eko eta abenduaren 1eko asteburuan egingo da, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, euren gustuko pintxoen alde botoa emanez. Interesa duten ostalaritza-establezimenduek azaroaren 27ra arte (14:00ak arte) izango dute epea zabalik izena emateko.

Egitasmoak helburu nagusi bat du, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta ikuspena emateko sustapen elementu berriak edukitzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira. Baina lehiaketak beste helburu batzuk ere baditu, hala nola, baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta hiru herrietako ostalaritza-sektorea dinamizatzea. Egitasmoa Geogourmet proiektuaren baitan dago, Geoparkeko nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzea helburu.

Interesa dutenek izena eman beharko dute: Debako turismo bulegoan (Ifar kalea, 4), telefonoz 943-192 829 zenbakira deituz edota geoparkealanda@gmail.com helbidera idatziz. Establezimenduaren datuak emateaz gainera, izena eta kokapena, pintxoaren izena, elaboraziorako errezeta eta produktuen trazabilitatea adierazi beharko da.

Parte-hartzaileek lehiaketako oinarriekin batera, garaiko eta bertako produktuen zerrenda bat jasoko dute, euren pintxoen elaboraziorako eskuratu ahal izango dituztenak.

Lehiaketak bi kategoria izango ditu, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi pintxo aurkeztu ahal izango ditu kategoria bakoitzeko. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa bi eurokoa izango da.

Bi egunez, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean -larunbata eta igandea-, herritarrek pintxoak dastatu eta gustukoen duten pintxoen aldeko botoa eman ahal izango dute, horretarako establezimendu bakoitzean ipiniko diren kutxen bitartez. Botoa ematen duten herritar guztien artean, saria zozketatuko du Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat.

Azkenik, abenduaren 3an, epaimahaiak pintxo irabazleak aukeratuko ditu, kategoria bakoitzeko bana, eta sariak banatuko dira: 300 euro eta diploma. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak hurrengoak dira: aurkezpena, produktuen trazabilitatea, bideragarritasuna, zaporea eta orijinaltasuna. Azken erabakia hartzeko orduan, herritarren botoak aintzat hartuko ditu epaimahaiak. Ondoren, bi pintxo irabazleak establezimendu parte-hartzaile guztietan eskainiko dira.

ITURRIA: HITZA