Euskal rockeroen baladak, txistuaren doinura

2013/07/19
Debabarrenako txistulariek rockaren historiko zenbait pieza interpretatuko dituzte, eta ohi bezala, Kantuz Bizi izango dute lagun; gitarra elektrikoaren, bateriaren eta pianoaren doinuak ere ez dira faltako.

Euskal rockaren historiari begirada bat bota, eta garai ezberdinetako zenbait balada aukeraut dituzte txistulariek Malen aurreko emanaldirako. Ainhize Azpiazu zuzendariarenak dira ia moldaketa guztiak.

Debabarrenako txistulariek Kantuz Bizi abesbatza izango dute ondoan, ohikoa den bezala. Aurten, ordea, kontzertuaren izaera tarteko, hain ohikoak ez diren instrumentoak ere ariko dira haiekin batera. Migel Laguna gitarra elektrikoarekin ariko da, eta Fernando Urkiri bateriarekin. "Biak musikari ezinhobeak dira, eta piezak guztiz jantzita gelditzen dira haien lanari esker", aitatu dute txistulariek.

Pianoarekin, berriz, musika eskolako lau pianojole ariko dira: Eneko eta Aitor Lizardi, Alaitz Velez de Mendizabal eta Ainhoa Arreitunandia. "Benetan eskertzen dugu guztiek parte hartzea; horri esker izango da posible mota honetako emanaldia eskaintzea".

Kontzertua, bihar, hilak 20, 23:00etan, Goiko plazan izango da.