Euskara ikasteko laguntzak ematen ditu urtero Udalak

2015/01/09
Bi laguntza mota eskaintzen ditu Udalak; bata, udal euskaltegian ikasten dutenei barne beka-sistema bidez, eta bestea, udal euskaltegitik kanpo ikastea beste aukerarik ez dutenei.

Euskara ikasi edota alfabetatu nahi dutenei laguntza eskaintzen die urtero Udalak: Udal euskaltegian (Luardo etxea) izena ematen duten mutrikuar guztiek laguntzak dauzkate. Laguntza horiek euskaltegian bertan tramitatzen dira, barne beka-sistema baten bidez.

Ikasturtea irailean hasi arren, urtarrilean martxan dauden taldeetan izena emateko aukera daukate herritarrek. Urtarrilean izena ematen dutenek ez dute urte guztiko matrikula ordaindu behar.

Udal euskaltegiko ikastaroetan, orduak 1,15€ balio ditu. MUTRIKUARRA IZATEAGATIK ikastaroak balio duenaren erdia bueltan jaso dezakete ikasleek. Horretarako, oinarrizko zenbait baldintza bete behar dituzte:

-    Asistentzia %80 izan beharko da, gutxienez
-    Ikastaroa amaitu
-    Gutxieneko errendimendua (urrats bat gainditzea).

Baldintza horiek betetzen dituen ikasleak ordaindu duen kopuruaren erdia bueltan jasoko du. Argi ulertzeko; adibidez, urte guztiko ikastaroagatik 300€ ordaintzen dituen ikasleak, baldintzak betez, gero, 150€ jasoko ditu bueltan ikasturte amaieran.

Gainera, langabetuek, ikasleek, jubilatuek eta 12 urtetik beherako umeak dituztenek baldintza are bereziagoak dituzte. Horiek, matrikularen erdia ordainduko dute hasieratik. Lehengo adibideari helduta, 150€ balioko luke matrikulak horientzat; eta aurrez aipatutako baldintzak betez gero, ordaindutakoaren erdia bueltan jasoko dute. 

Kasu guztietan, materialagatik ordaintzen diren 31€ aparte doaz.

BERRIKUNTZA: UDAL EUSKALTEGITIK KANPO IKASTEKO LAGUNTZAK

Udal euskategitik kanpo ikasi beharra daukatenentzat laguntzak jarri ditu 2014an Udalak. Laguntza horiek eskatzeko udaletxera jo behar da. Eskera-orriak-udaletxe harreran eskura daitezke edota udaletxeko webgunean (oinarriak eta eskaera-orria daude hor). 

Laguntza horiek jasotzeko nahitaezkoa da bi egoera hauetako bat gertatzea:

-    Udal euskaltegian izena ematea baina eskatutako ikastaroa ez ateratzea
-    Nahitaez kanpoko euskaltegi batetara joan beharra (kanpoan ikasten egoteagatik…)

Udal euskaltegia izan beharko da lehen aukera, beti. Baina ez dugu nahi bertan taldea sortu ezin izanagatik ikasleren bat euskara ikasi gabe gelditzea. Horregatik eskainiko ditu Udalak diru laguntza berri horiek”, azaldu du Euskara zinegotzi Joakin Larrañagak. 

Laguntzak Mutrikun erroldatutakoek bakarrik eskatu ahal izango dituzte. Jasoko duten laguntza ez da ordainduko dutenaren araberakoa izango; udal euskategiko prezioen araberakoa baizik. Ikastaroak Udal euskaltegian izango lukeen prezioaren %50 jasoko dute bueltan. Kasu horietan ere, aurrez aipatutako baldintzak bete beharko dituzte ikasleek, ezinbestean, laguntza jasotzeko.

Aurten hiru ikaslek jaso dute martxan jarri berri den laguntza-lerroa. 2014-2015 ikasturtean laguntza mota hori eskatzeko asmoa dutenek 2015eko urtarrilaren 31 orduko egin beharko dute eskaera.