'Euskaraz bizi nahi dut' esango dute hainbat lagunek abenduaren 1ean

2012/11/29
Kontseiluak deitutako manifestazioa, 17:00etan, Anoetako estadioetik (Donostia, Gipuzkoa) aterako da. Manifestazioa martxan jarria duten dinamikaren ekimen bat gehiago izango da, eta dinamika horren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea da.

Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimenaren inguruan Kontseiluak zabaldutako mezua ondokoa da:

"Dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea da. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan. Eta nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake ekarpen hori. Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta geure egunero jardunean hori praktikan jartzen dugunak.

Hori, askotan geratu zaigu agerian. Hortaz, gutako bakoitzari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du dinamika sozial honek.

Norbanakoez harago ere, gizartearen arlo desberdinetan lanean ari direnei ere Kontseiluak egindako hausnarketa aurkeztu eta dinamikan parte hartzea proposatu zaie eta halaxe egingo zaie aurrerago ere.

Modu horretan, hezkuntza arloa, alor sozio-ekonomikoa, espresio artistiko desberdinak etab. dinamika honetan txertatuko dira.

Garai berri hau euskararen garaia izango dela bermatu behar dugu denon artean. Orain herritarron aukera da, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu, eta berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da.

Gonbita zabalik dago. Orain, zure txanda da:. Euskaraz bizi!"