Euskaraz irakurtzeak saria dauka gaurtik hasi eta ekainaren amaierara arte

2014/04/23
'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina martxan da bigarren urtez jarraiain herrian; Topagunea, Udal Euskara Zerbitzua, Karenka, Udal liburutegia eta herriko lau liburudendak elkarlanean ari dira.

Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina martxan jarri dute Topaguneak, Mutrikuko Udal Euskara Zerbitzuak eta Karenkak elkarlanean: Irakurri, gozatu eta oparitu . Egitasmoa adin guztietako herritarrentzat da: ume, gazte zein heldu.

Egitasmo horrek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, eta horretarako euskaraz irakurtzen duenari saritxoa emango diote. Udal liburutegiko arduradunarekin, eta herriko lau liburu dendekin ¬ (Virjinita, Beristain. Madariaga eta Sabina)¬ elkarlanean ariko dira egitasmoa aurrera eramateko.

Kanpainaren izenak adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:

  •  Irakurri. Herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartu beharko da.

 

  • Gozatu.  Irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari herriko hiru liburu dendetako baten erabiltzeko . Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein liburu erostean, %25a beherapena lortuko du herritarrak (testu liburuak ez dira sartzen).
  • Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.


Aprilaren 23tik ekainaren 30era arte iraungo du kanpainak. Kanpaina ekainaren 30ean bukatu arren, erosketa-txekeak dituzten herritarrek astebete gehiago edukiko dute haiek aldatu ahal izateko (uztailak 6ra arte).

Gainera, maiatzean eta ekainean 30 euroko erosketa txeke bana ere zozketatuko da parte hartzaile guztien artean. "Gogoratu behar da herriko liburutegia Liburutegien Sarean sartuta dagoela. Beraz, herriko liburutegian libururen bat topatu ez arren, sareko beste edozein liburutegitan dauden liburuak ere mailegatu ditzakegu", azaldu du euskara teknikariak.

Informazio gehiagorako, Udal Euskara Zerbitzura (943- 60 32 44 edo euskara@mutriku.net) edo Udal liburutegira (943- 60 41 82 edo liburutegia@mutriku.net) jo daiteke.