Euskaraz klik egiteko aukera paregabea

2012/10/23
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarak egindako lorpen handienetako bat aurtengo otsailean gertatu zen, gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa abian jarri zenean. Horren aurretik, ordea, eta baita ondoren ere, euskarak eta teknologia berriek bidea elkarrekin egin dute, eta hala egiten jarraituko dute etorkizunean ere. Klik bat eginez, sarean hainbat programa eta aplikazio topa dezakegu euskaraz.
Euskarako IKTen inbentarioa

Euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekimen sustatu ditu eta hainbat plan bideratu EAEn teknologia horiek garatzeko eta euskara haietan integratzeko. Bestalde, informazioaren eta komunikazioaren teknologien sailkapena ere egin du (IKT Inbentarioa). Euskarazko IKTen inbentarioaren helburu nagusia euskararen eta IKTen sektoreko eragileek (hornitzaileak, kolaboratzaileak, erabiltzaile-taldeak, elkarteak) gauzatzen dituzten proiektuen eta baliabideen informazioa sistematikoki bilduta edukitzea da. Informazio hori hemen aurki daiteke: www.euskara.euskadi.net/ikt_inbentarioa.

 

Itzultzaile automatikoa, tresna lagungarria

Lehen esan bezala, aurten jarri da martxan gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa. Urte askotako lana izan da, baina azkenean argia ikusi du, eta herritar guztien eskura dago jada helbide honetan: www.itzultzailea. euskadi.net. Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria da eta, horrez gain, webguneak ere itzultzen ditu. Harrera oso ona izan du orain arte eta, okerrik ezean, 2013aren erdialderako, itzulpen-sistemari euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara norabideak erantsiko zaizkio. Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza Itzulpen Memorien Banku Publikoa ere garatzen ari da.

2011. urtearen amaieran, Wikipediaren euskarazko edizioan 11.000 sarrera berri egin ziren, eta ordura arte editatu ziren 100.000ri gehitu zitzaizkien. Ekarpen esanguratsua izan da hori, eta sarrera horiek guztiak sarean jartzeko Lur Entziklopedia hartu da oinarritzat. Bestalde, apirilean, Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa jarri ziren sarean.

Blog interesgarri batzuk ere sortu dira euskaraz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Sukaldean.com da lehenengoa, eta gastronomiaz gozatzeko aukera ematen du; etxebizitza.net da bigarrena, etxe bat eskuratu, eraiki edo eraberritu nahi duten guztientzat prestaturiko gunea.

Sare sozialetan ere euskararen presentziak gero eta indar handiagoa
du. Hala, abuztutik aurrera, Twitter euskaraz dugu, mikroblogging sare sozial famatuaren interfazea euskaraz jartzeko aukera. Albiste pozgarria euskal twitterlariontzat.

 

Hainbat aplikazio euskaraz

Euskara eta teknologia berrien inguruan azkenaldian izandako nobedade horiez gain, aurretik ere garatuta zeuden zenbait aplikazio, oinarrizko softwarea adibidez. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak urteak daramatza euskarazko software-tresnak jartzen erabiltzaileen eskura helbide honetan: www. euskara.euskadi.net/euskara_soft.

Sistema eragileei dagokienez, Windows erabiliz gero, gaztelaniazko bertsioaren gainean euskarazko interfaze-paketea instalatu eta pantailak euskaraz agertuko dira. Norberaren bertsioaren arabera aukeratu behar da paketea: Microsoft Windows 7 (64 bit eta 32 bit), Microsoft Vista eta Microsoft XP.

Bulegotikan edo Ofimatikan ere, Microsoft Office-ren (Word, Excel, Power Point, Outlook) euskarazko interfaze-paketea deskarga daiteke. Instalatzeko, beharrezkoa da gaztelaniazko bertsioa instalatuta edukitzea. Honako hauek dira eskuragarri dauden bertsioak: Microsoft Office 2003, 2007 eta 2010. Eta software libreko OpenOffice.org edo LibreOffice erabiliz gero, euskarazko bertsioak har daitezke.

Bestalde, edozein hizkuntzatan ordenagailuan zuzen eta segurtasunez erabiltzeko, idazten dugun hizkuntzari dagokion zuzentzaile ortografikoa aktibatuta eduki behar dugu. Euskararen kasuan, Xuxen da eskura dugun zuzentzailea. Microsoft Office-ren bertsioetan integratuta badago ere, bertsio eguneratuak eskaintzen dira www. euskara.euskadi.net webgunean. Gainera, OpenOffice-n (LibreOffice-n) txertatzeko bertsioa ere hor dago eskuragarri. Zenbait kasutan, berriz, behar-beharrezkoak izango ditugu hiztegiak eta terminologia-bankuak. Egun, hiztegi elektroniko elebakarrak eta elebidunak kontsulta daitezke on line, edota terminologia-kontsultak egin Euskalterm Terminologia Banku Publikoan (www.euskara.euskadi.net/euskalterm).

Beraz, argi ikus daiteke euskararen eta teknologia berrien arteko harremana gero eta estuagoa dela, eta hemendik aurrera harreman hori are estuagoa izango dela.

 

ITURRIA: erabili.com