Flyscharen ibilbideak Tripadvisor webgunearen Bikaintasun Ziurtagiria lortu

Bidaiei buruzko webgune arrakastatsu batean, Tripadvisorren, erabiltzaileen iruzkin eta iritzi onei esker lortu du saria Flyscharen ibilbideak. Geoparkeak urte osoan Mutriku eta Zumaia artean, Geoparkeko kosta ikuspegi geologikotik eta kulturaletik ezagutzeko aukera ematen du. «Zalantzarik gabe, itsasontziz Geoparkeko kosta ezagutzeko eskaintzen den irteerak du arrakastarik gehien hona etortzen diren bisitarien artean», azaldu dute Geoparkearen arduradunek.

Besteak beste, flysch-ari buruzko azalpenak ematen ditu gida batek itsasontziz egiten den irteera honetan. Horrez gain, zonalde honetan oso garrantzitsuak izan ziren bizimodu eta ohiturei buruzko argibideak ere ematen ditu irteera honetan gidak: Mutrikun garai batean egiten zen balea arrantza zer nolakoa zen, esate baterako.

Geoparkearen izendapenari dagokionez, bihar eta etzi, Geoparkeak azterketa zorrotza igaroko du, Geoparke izendapenari beste lau urtez eusten dion erabakitzeko. «Geoparkeen Munduko Sareko bi aztertzaileren bisita jasoko dugu. Hori dela eta, bi egun hauetarako hainbat bisita eta bilera programatu dira, Geoparkeak azken lau urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri emateko», adierazi dute Geoparketik. Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, azterketa prozesu zorrotza igaro behar dute “irizpide eta parametro egokiekin” lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.

Prozesu honetan, hainbat gai aztertuko dira, hala nola, Plan Estrategikoan zehaztutako helburuen betetze maila edota 2010ean egin zen lehendabiziko azterketan identifikatu zituzten hobetu beharreko puntuen egungo egoera. “Kontuan hartzen da, geoparkeek Sarean duten jarrera aktiboa: bileretan parte hartzea, komunak diren proiektuetan parte hartzea eta Geoparkeen Astea, hurrenez hurren”, gaineratu dute.

Japoniako eta Irlandako aztertzaileek Geoparkeko hainbat interesgune bisitatzeko aukera izango dute eta bilerak egingo dituzte instituzioetako ordezkariekin, sektore turistikoko profesional eta enpresariekin eta beste agente sozialekin, azken lau urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri emateko. Gainera, aztertzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte interesgune adierazgarrienak, azalpen geologiko eta itsas ibilaldia barne.

ITURRIA: Mutrikuko Hitza