Fosil itxurako opilen tailerra eta dastaketa egongo dira zapatuko azoka txikian

2013/06/07
Opil tailerra umeentzako izango da, eta dastaketa, berriz, azoka txikiko postuetan erosketak egiten dituztenentzat.

Geoparkeen Astearekin bat egingo du zapatuan, Beheko plazan egingo den azoka txikiak. Fosilak izango dira azokako gaia eta antolatutako ekimenak horren ingurukoak izango dira. 

Oraingo azoka txikirako prestatutako ekimen bereziak bi izango dira: umeentzako, fosil itxurako opilak egiteko tailerra; eta nagusientzako, berriz, gazta eta mermeladazko opilen dastaketa. Opilen dastaketarako, ordea, azoka txikian zerbait erosi beharko dute herritarrek. Izan ere, opilak erosketa-txartelen truke banatuko dira.

Azokak, bere filosofiari jarraituz, bertoko eta sasoiko produktuak erosteko aukera eskainiko die herritarrei. Bertan, egongo dira Ibiri, Goienetxe, Aritza, Antia, Itxas-Gain, Basailun (Ekoalboraz) baserrietako produktuak, Ondare enpresakoen mermeladak eta Iratxe loretegiko loreak.