Gaurtik hasita [azaroak 24], 4.457 mutrikuarrek dute hondakinen gaineko erabakian parte hartzeko aukera

2011/07/17
Herritarren eskaerak kontuan hartuta, bozka emateko aukerak zabaldu ditu Udalak

Edukiontzi bidezko bilketa sistema ala bilketa sistema mistoa. Bi aukera horietako baten alde bozkatzeko aukera edukiko dute, datorren astean, 4.457 mutrikuarrek. Bozka eman ahal izateko bi baldintza nagusi bete beharko dira:  azaroaren 30a aurretik 16 urte beteta edukitzea eta Mutrikun erroldatuta egotea.

Herri galdeketa eguna azaroaren 30ean den arren, gaurtik aurrera zabalduko dira hautestontziak. Aste guztian (azaroaren 24tik 28ra) 10:00etatik 15:00etara, udaletxean bozkatu ahal izango da. Horretarako, idazkaritzara (lehenego solairua)  jo beharko dute aukera hori baliatu nahi dutenek.

Horretaz gain, eta herritarren eskaerak kontuan hartuta, eguen arratsaldean ere  [azaroak 27] bozka emateko aukera egongo da. Aukera hori baliatzeko herritarrek, 16:00etatik 18:00etara, idazkaritzara joan beharko dute.

Ezintasun fisiko batengatik etxetik mugitu ezinik daudenentzat ere bozka emateko bidea ezarri dute. Egoera horretan daudenek, udaletxera deitu beharko dute eta bozka eman nahi duenaren datuak eman beharko dituzte: izena, bi abizenak, helbidea eta kontakturako telefonoa. Aukera hori erabiltzeko, eguaztena baino lehen egin beharko dute eskaera (15:00ak orduko).

Azkenik, azaroaren 30ean, Zabiel izango da bozka emateko gune bakarra. Hautestontziak zabalik egongo dira 09:00etatik 20:00etara. Abizenaren arabera, lau mahaitan banatuta egongo da gunea, eta mahai bakoitzean, Hondakin Batzordea osatu duten alderdi eta elkarteetako ordezkariak egongo dira. Mahai bakoitzean, beti ere, zinegotzi bat izango da presidente. Horrez gain, horretarako izena eman duten zenbait herritar ere begirale ariko dira.