Gazteen artean euskara erabiltzeko kanpaina abiatu dute

2012/11/09
Kanpaina 'Ika Mizka: Eta hik? Nola bizi dunk euskara' izenpean aurkeztu dute; kirolarien bideoan, Oihana Kortazarrek parte hartu du (barruan ikusi bideoa).

Gaztezulok, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ika-mizka ekimena antolatu dute elkarlanean, gazteen artean euskararen beharraren inguruko kontzientziazioa pizteko eta erabilera sustatzeko. Datozen egunotan hainbat bideo izango dira sarean ikusgai, eta abenduaren 3an mahainguru saioak izango dira Ibaetan. Kirolari ezagunekin grabatutako bideoan, Oihana Kortazarrek parte hartu du.

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan eta beti ere gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua sustatze aldera mamitutako ekimena da, eta euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzea da helburua: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak.... ‘Euskaraterapia’ moduko zerbait, azken batean.

Azaroan zehar sareratuko ditugun zenbait bideotan, esparru ezberdinetako aurpegi ezagunek hartuko dute hitza. Aldiz, abenduaren 3an UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan antolatuko dugun saioan aurpegi ezagun horiek eta parte hartzeko izena ematen duten gainontzeko gazteak mahai baten (batzuen) bueltan elkartu nahi ditugu; iritziak, esperientziak eta beste truka ditzaten, eta posible bada, ondorioak, aterabideak eta konpromisoak ere adostu ditzaten. Mahainguru saio hauek Jon Artanok dinamizatuko ditu. Eguna borobiltzeko, Zuloak taldea ariko da zuzenean.

Testua: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Saila