Geoparkearen baitan herritarrek duten balioa bistaratuko da zapatuko ekitaldian

2013/05/16
Eguraldi iragarpena dela-eta, “Nortzuk izan ginen eta nortzuk gara” ekitaldia, Zabiel barruan, eta 20:00etan izango da; hainbat herritarrek parte hartuko dute bertan, eta erakutsiko diren bideoetan gure artean ez diren zenbait herritarren testigantzak ere badaude.

 

“Herritarrak eurak eta euren bizimodua, kultura, tradizioa, hizkuntza… geoparkearen elementu garrantzitsuak direla ikusarazi nahi dugu”. Horrenbestez definitu du turismo teknikari Marta Amonarrizek Geoparkeen Asteari hasiera emango dion Nortzuk ginen eta nortzuk gara aurkezpen-ekitaldiaren helburua.

Aurkezpen-ekitaldian herritarrak, herria eta bertan biltzen den ondare kulturala izango dira protagonista. “Geoparkean ingurunea, flysch-a, karst… eta bestelako elementuek beste pisatzen dute herritarrek eta euren izateak eta izaerak osatu duen eta osatzen duen ondareak”, zehaztu du Amonarrizek.

Eguraldia dela-eta, ekitaldiak aldaketak izan ditu: zapatuan izango da, baina, azkenean, Zabiel barruan eta 20:00etan izango da.

Ondarearen garrantzia bistaratzeko ekitaldian euren lekua izango dute euskal dantzek, herriko katutegiak eta herritarrek eurek ere. “Gure Ametsa dantza taldeak eta Anaiarte abesbatzak lagunduko digute Geoparkearen balioa handienetakoa herritarrak direla erakusten. "Herritarrak dira Geoparkearen arima eta horretaz jabetzea da lortu nahi duguna".

Horretaz gain, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako herritarren testigantzekin osatutako bideoak ere ikusi ahal izango dira. Bideoetan, itsasoari, ohiturei eta sinesmenei eta herri nortasunari buruz berriketan agertzen dira, besteak beste, Jesusa Ibarzabal, J.A. Andonegi Xoxua, Gregorio Arreitunandia, Lore Basurko, Martzelita Txurruka, Lorea Furundarena eta Garbiñe Andonegi.
 
Ekitaldiarekin Geoparkeen Astea martxan jarriko da. “Hain zuzen ere, aste honen asmo nagusia bertan bizi diren herritarrei geoparkea zer den ezagutzeko aukera ematea da, eta haren baitan antolatzen diren ekimen guztiak herritarrekin pentsatuta eta herritarrentzako prestatzen dira”. Aurkezpen-ekitaldian Geoparkeen Astearen baitan antolatutako ekimen guztien berri ere emango zaie herritarrei; besteak beste, herritarrentzako hitzaldiak eta doako bisita gidatuak egongo dira. “Lortu nahi duguna da jabetzea geologiak beste pisatzen duen beste elementu garrantzitsu bat ere badela; eta elementu hori atzo, gaur eta biharko herritarrek osatzen dute”.