Geoparkeko 2019ko bisita gidatuen denboraldia martxan!

2019/04/03
Geoparkea ezagutzeko 17 bisita gidatu desberdin daude aukeran, hauetariko 5 Mutrikun garatzen direlarik.

Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzaren barruan, euskal itsas ondarearen harribitxi den “Arrietakua Jauregia” ezagutzeko aukera ere bada. Mutrikun XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.

Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Bisita honek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kultur eskaintza osatzen du, balio historiko-artistiko handia duen baliabidea gehituz.

Halaber, Geoparkeak ohiko bisita gidatuak eskainiko ditu: barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, kutsu zientifikoagoa duten irteerak, familiartean egiteko proposamenak... Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio-gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere.

Bisita gidatu hauek guztiek Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutaraztea eta gizarteratzea dute helburu.

Egutegia ezagutu eta erreserbak egiteko www.geoparkea.eus web orriaren bidez egin daiteke.