Gipuzkoako Aldundiko diru laguntzak jasoko ditu Udalak

2013/11/28
Lurjausien inguruko gastuei aurre egiteko, inbertsioak egin ahal izateko, eta epe batetarako bi langile hartzeko dira laguntzak.

Azaroaren 21ean eta 22an Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalei zuzendutako diru laguntza bereziak arautzeko Foru Dekretuak argitaratu zituen. Foru Dekretu horiei esker, diru baliabide berriak izango ditu Udalak datorren urtean.

Hiru laguntza lerro jasoko ditu Udalak: euriteen ondorioz egondako lurjausien gastuei aurre egiteko laguntza, inbertsioak egin ahal izateko laguntza eta aldi jakin baterako bi lagun kontratatzeko laguntza.

Euriteek eragindako lurjausiek sortutako gastuei aurre egiteko laguntza bi mila biztanle baino gutxiago duten herrientzat eta plan ekonomiko-finantzarioa aplikatzen ari diren udalentzat emango du Udalak. “Mutrikuko Udala azken egoera horretan dagoenez, laguntza horren hartzaile izango gara. Gehienez, egindako gastuaren %60ra arteko laguntza jasotzeko aukera edukiko dugu, beraz”, azaldu du Joseba Palenzuela alkateak.

Aldundiaren bigarren diru laguntza lerroaren asmoa tokiko ekonomia dinamizatzea da. Hori dela eta, biztanle kopuruaren araberako diru-kopuru jakin bat jasoko dute herriek krisiaren ondorioz egin gabe geratzen ari diren inbertsioak egin ahal izan ditzaten. Mutrikuri 84.576 euro egokitu zaizkio. “Aukera ederra izango da herriko hainbat beharri erantzun ahal izateko•, gaineratu du alkateak.

Azkenik, enplegua sustatzeko helburuarekin ere diru laguntzak banatuko ditu Foru Aldundiak. Diru laguntza lerro hori ere biztanle kopuruaren araberakoa da. Mutrikuko Udalak bost hiletarako bi kontratazio egiteko 15.000 euro jasoko ditu.

Abenduaren 12rako prestatu behar dira eskariak. “Udalak ordurako hausnarketa prozesua egin nahi du udal talde guztien artean, etorriko diren diruak ahalik eta egokien txertatzeko datorren urteko aurrekontuan”, adierazi du Palenzuelak. “Bide batez, Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Foru Aldundiari, neurri batean bederen, herri eskaerak kontutan hartzearren”.