Gipuzkoan aitzindaria den medikamentuen inguruko programa martxan jarri dute Mutrikun

2013/02/28
Polika Soziala Sailak eta Gipuzkoako Farmazilarien Elkargoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute; etxez etxeko programan dauden herritarrak izango dira onuradunak.

Ziurtasuna eta eraginkortasuna bultzatuz, etxez-etxeko laguntza jasotzen duten herritarrek mendikamentuak egoki erabiltzea. Hori da gaur Politika Soziala Saileko arduradun Arrate Urangak eta Gipuzkoako Farmazilarien Elkargoko ordezkari Angel Garayk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia. “Etxez-etxeko laguntza jasotzen duten herritarrentzako guztiz lagungarria izango da, bai osasunari dagokionean, baita alde ekonomikoari dagokionean ere”, azpimarratu du Urangak.

Gipuzkoa aitzindaria izan da medikamentu programa martxan jartzen. Programari esker, farmazilarien eta medikuen artean dagoen kezka nagusietako bati irtenbidea emango zaio. “Jende askok ez du dagokion tratamendua behar den bezala jarraitzen; medikamentuak bi aldiz hartzen dituzte, edo behin ere ez; medikuak agindutakotik kanpo aritzen dira…eta hori oso arriskutsua da”, azaldu du Angel Garayk. “Eskuartean ditugun datuen arabera, dependentzia duten pertsonen %50 da kasuistika horretan sartzen dena”.Farmazia hitzarmena - partaideak

FARMAZIEN LANA EZINBESTEKOA
Aurrerantzean, medikamentuen programari esker, besteak beste, gaixoek botikak ezagutuko dituzte eta nola erabili ikasiko dute; tratamendua ondo betetzen denaren ziurtasuna edukiko dute; eta medikuaren aginduak jarraitzeko modua edukiko dute. Gainera, dependentzia duten herritarren tratamenduaz arduratzen diren pertsonentzat ere lagungarri izango da. 

Programa Udalaren eta farmazien arteko lankidetzan dago oinarritua. “Bakoitzak bere alorreko ekarpena eginda bakarrik da posible programa garatzea”, aipatu du Garayk.

Herriko bi farmaziek –Lon Apraiz eta Jabier Otxagabia- parte hartuko dute programan. “Egunerokotasunean, haien lana ezinbestekoa da”, azpimarratu nahi izan du Urangak. Izan ere, farmazilariek prestatuko dute gaixo bakoitzari dagokion tratamendua, horretarako bereziki ekoiztutako blister batzuk erabilita. “15 egunerako tratamendua prestatuko diegu. Amaitzean, bueltan ekarriko dute blister-a berriz betetzeko. Horrek jarraipena egiteko modua emango digu”, azaldu dute. Blisterrak

HERRITARRENTZAT KOSTURIK EZ
Medikamenduten inguruko programa martxa jartzeak ez du herritarretzat edota Udalarentzat inolako kosturik edukiko. Urangak azaldu duenez, sortzen diren gastuak farmaziek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ordainduko ditu.

Programa estatu espainiarrean saritua izan da, “farmazien iniziatiba onena” izatearren. “Atzo bertan Madrilen izan nintzen eta programa honen berri entzutean, inbidia sentitzen dutela adierazi zidaten gure kideetako askok”, nabarmendu du Garayk. Izan ere, Gipuzkoa da Euskal Herrian programa mota hau duen lurralde bakarra”. Espainian ere horrelako programarik ez dagoela aitatu du.

Gipuzkoan programa martxan jarri zuten lehen bi udalerriak Legazpi eta Donostia izan ziren, hurrenez hurren. “Aurrerantzean, mutrikuarrek ere jasoko dituzte lan horren onurak”, gaineratu du Urangak.