Goizeko Izarrak Ziriako Andonegiren lanei bizi emango die asteburuan

2012/11/23
Antzerkiaz Blai egitasmoaren bigarren asteburuan herritarrek jasoko dute erreleboa; bariku gauean kafe-antzerkia eskainiko dute, eta domekan, Zabieleko oholtza gainean sei obra motz aurkeztuko dituzte.

Antzerkiaz Blairen bigarren asteburua herritarrek beteko dute. Herritarrak izango dira antzezle, herritarrak gidoilari eta herritarrak ikus-entzule nagusi. Gaur, hilak23, herrian arrakastatsua den formula erabiliko dute Goizeko Izarrakoek: kafe-antzerkia.

Tabernaz taberna joango dira Ziriako Andonegiren bi lan antzeztuz: Euskaldun erdaldun eta Nolako Peru halako Mari. 23:00etan hasiko dira martxan, eta ondoko tabernak pasako dituzte: Zubiaran, Zubixa, Loretxu, Bodegoia eta Subeltz. Zubiaranen ekingo diote ibilibideari.

Domekan, berriz, Zabieleko ganbara hartuko dute, eta Andonegiren hainbat obra eskainiko dituzte. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta Ziriako Andonegiren sei lan motz antzeztuko dituzte. "Goizeko Izarrakoen lana funtsezkoa izaten da Antzerkiaz Blai antolatzeko eta egitasmoak bizirauteko", azaldu dute udal teknikariek. "Eskertzekoa da egiten duten lana, eta poztutzekoa da herrian horrelako jendea edukitzea".

Sarrera 3 eurokoa izango da, eta  Zabielen bertan eskuratu ahal izan da.