'Gure aurrekoak' egitasmoaren baitako lehen hitzaldia gaur izango da

2012/11/08
Peio Zubiriak prentsaren historia aztertuz abiatuko du, hiru saio izango dituen ekimena; azaroaren bigarren hamabostaldian erakusketa ere jarriko dute. Ekintza guztiek herriarekin lotura estua edukiko dute.

Prentsaren historia aztertuko duen hitzaldiarekin hasiko du Pello Zubiriak Gure Aurrekoak izenpean antolatutako ekimena. Prentsaren historioaz aritzean, herriko idazleen inguruan ere hitz egingo du.

Irakurzale taldeak dago ekimenaren atzean. Zubiriaren saioari jarraitzeko herriarekin lotura zuzena duten beste bi hitzordu jarriak dituzte: azaroaren 13an, Euskararen normalizazio urratsak Mutrikun (1950-2000) mahai ingurua egongo da. Mahaiaren bueltan euskararen inguruan lanean ibilitako zenbait herritar builduko dira, eta garai hartako esperientziaren berri emango dute.

Azkenik, azaroaren 22an, Josu Larrañaga herri hizkeraren erabilerari buruz ariko da. Larrañagak Mutrikuko hizkuntza oso hurbiletik ezagutzen du; haren gaineko azterketa egina dauka eta lan horrengatik saritua ere izan da. 

Saio guztiak Zabiel etxeko hitzaldi aretoan izango dira, 19:00etan.

Jardunaldiak borobiltzeko Euskararen bilakaera eta mutrikuarren ahalegina erakusketa ikusteko aukera egongo da azaroaren bigarren hamabostaldian. Ekimen guztiak Zabiel kultur etxean egingo dira.