Herrian erosketak egitea bultzatu nahi du Bertanen eta Udalaren marketing kanpaina berriak
Mutrikuko Udalak eta Bertan, Mutrikuko dendari elkarteak, 2012-2013 Marketing Kanpaina martxan jarriko dute azaroaren 9tik aurrera. Herriko kontsumoa indartzea da kanpaina honen helburu nagusia. Kanpainaren aurkezpena, azaroaren 9an, 20:15ean, Zabielen egingo da. “Kanpaina aurrera ateratzeko, hainbat alorretako herriko pertsonaia esanguratsuek beraien irudia utzi dute”, azaldu dute.
Kanpaina hau Mutrikuko Udal Garapen Batzordearen iniziatibaz sortutako Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo mahaiean atera ziren ekintza estratejikoetako bat da. “Krisiak sektore guztiak gogor jo dituen honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrok gure erosketak bertan egiten ditugunean, herria bera suspertzen ari garela kontuan izatea”.
Aipatutako mahaia aurten sortu da, eta alor bakoitzeko eragileak eta udal ordezkariak biltzen ditu. Bertatik ateratako kanpainaren asmo nagusia, herri mailan, sektore horri dagokion balioa ematea da. “Herrian uste duguna baina askoz ere gauza gehiago daude, eta uste denaren aurka, askotan, ez da kanpoan erostea baino garestiagoa ateratzen. Kontuan hartu kanpoan erosteak dakarrena: gasolina, bidesaria, bidearen arriskuak...”.
Gainera, herri mailan sektore hori indartzeak duen eragina ere gogora ekarri nahi izan dute. “Herriko dendek, eta tabernek gure kaleak argitzen dituzte, gure kaleak janzten dituzte, gure kaleei bizia ematen diete, herritar askori lana ematen die... Denda eta taberna gabeko herria herri hila izatetik oso hurbil dago”.
Kanpainaren nondik norakoak barikuan Zabiel etxeko hitzaldi aretoan azalduko dituzte. Bertaneko kideek sektorean lan egiten duten guztiak gonbidatu dituzte, baina dei berezia egin nahi diete herritarrei. “Hurbildu nahi duten herritar guztiak daude gonbidatuta, azken finean, beraiei zuzenduta dago kanpaina hau; beraiekin pentsatuta prestatu dugu guztia eta beraiengana heldu nahi genuke”.