Herribusa hondartzaraino jaitsiko da uda denboraldia bukatu arte

2013/07/19
Herri barruko autobus zerbitzua herritarren beharrei egokitzea da asmoa; Malenetan zerbitzuak aldaketa txikiak edukiko ditu, baina martxan egongo da.

Herribusaren ibilbidean geltoki bat gehiago egongo da uztailaren 22tik irailaren 13ra. Izan ere, orain arte ez bezala, uda denboraldian, hondartzairaino jaitsiko da autobusa.

Zerbitzuaren ibilbidea mantendu egingo da; baina birritan, igerileku pareraino joango da. Hondartzaraino lehengo aldiz, Samikollako geltokia egin ondoren joango da. Horretaz gain, ibilbidearen azken geltokia ere izango da. Horrela, ibilbide berria honakoa izango da: Txanbolingo biribilgunea, portua, San Agustin kalea, Iriagirre, Goiko plaza, anbulategia, Samikolla, Hondartza, Gabilondoneko parea, Eladio aurreko aldea, anbulategia eta hondartza.

Hondartzako geltokira ez da orduro jaitsiko, ordea. Egunean zortzi aldiz joango da hondartza pareraino. “Hondartzaraino jaitsiko den lehendabiziko autobusa, 10:00etan Txanbolindik ateratzen dena izango da. Hortik aurrera orduro osatuko du hondartzako geltokiraino doan ibilbidea”, aitatu du Politika Sozialeko buru Arrate Urangak.

Herriko jaietan, Malen jaietan, ere herri barruko autobus zerbitzua egongo da. Aldaketa txiki bat edukiko du, ordea: Goiko plazara ez da sartuko, eta han egin beharreko geltokia, Txanbolingo biribilgunean egingo du. “Hurrengoa anbulategi pareko geltokia da, eta hor, beti bezala, geldituko da”.
Zerbitzua egongo ez den egun bakarrak asteburuak (zapatua eta domeka) eta jaiegunak izango dira (egutegian gorriz datozenak).

ORDUTEGIA KONTSULTATU HEMEN