Herribusaren lehen erabiltzaileak gustura agertu dira zerbitzuarekin

2013/06/17
Zenbait herritarrek erabili dute udal zerbitzu berria; 12 lagunentzako lekua eta ezinduentzako arrapala eta tokia dauzka.

Gaur bertan hasi da Herribusa martxan. Portutik anbulategira igo diren bi herritar izan dira herribusa hartzen lehenak. “Anbulategira heldu garenean, pozik agertu dira, eta gustura hartu dute nekatu gabe, eta minutu gutxian, ateraino heltzea”, azaldu du gidariak. “Atzetik beste gutxi batzuk ere hartu dute han eta hemen eta guztiak gustura agertu dira”.

Herribusak ikusmira handia sortu du herritarren artean. “Guztiak gelditzen dira begira, eta normalean, irribarrea dute aurpegian. Hori seinale ona da”, adierazi du gidariak. Autobusean 12 lagunentzako jesarlekuak daude, eta ezinduentzat edo haurren gurditxoentzat arrapala berezia ere badauka, baita haientzako toki berezia ere.

Herribusaren lehen egunean udal ordezkariak – Joseba Palenzuela alkatea eta Politika Sozialeko buru Arrate Uranga¬ ere bertaratu dira zerbitzua bertatik bertara ezagutzera. Bide batez, gidariari bere iritzia eskatu diote eta lehen egunean nola joan zaion jakin nahi izan dute. “Gidaria da, azken finean, herritarrekin zuzenean dagoena, eta zerbitzua hobekien ezagutzen duena. Hark esandakotik zerbitzua hobetzeko aukera edukiko dugu”, azaldu du Politika Sozlaeko buru Arrate Urangak. 

Udal ordezkariekin egindako bueltan, geltoki ez-ofizialak egiteko aukera esakini du gidariak. Izan ere, ordutegia “erraz eta garaiz” betetzeko aukera duela esan du. “Geltoki ofizialak hamar izan arren, badira zenbait gune, gelditzeko aukera ematen dutenak, eta jendea badago haiek jaso eta lagatzea posible da. Inor ez denean, gelditu gabe aurrera egin eta kitto”, aitatu du gidariak. Horietako gune bat, esaterako, futbol zelai ingurua (Lagun Artea elkarteare parean) litzateke. Udal ordezkariak geltoki ez-ofizialak jartzeko aukera begi onez ikusi dute, eta guneak identifikatu bezain laster markatu egingo dituztela jakinarazi dute jendeak gune horiek identifikatu ahal izateko.