Herriko 18 familik kudeatuko dute Mutrikuko lehen auzokonpostagunea

2013/03/27
Lursailik ez duten familiak dira guztiak, eta gune horren bidez euren etxeetako zabor organikoa ongarri bihurtuko dute; Ikastolako ur-depositoaren parean dago gunea.

Hondakin organikoak ongarri bihurtzeko lehenengo auzokonpostagunea martxan dago jada. Herriko 18 familia izango dira gune hori kudeatuko dutenak, eta bide batez, euren hondakin organikoa ohiko zabor bilketa zirkuitutik kanpo aterako dutenak.

Gunea ikastolako ur-depositoaren parean dago, eta inguruko auzoetakoak izango dira bertan ariko diren familiak. Konposta egin ahal izateko, famili guzti horiek, aurrez, ikastaroa jasoa dute “Oinarrizko azalpenak eman zitzaizkien, gauza berria baita guztientzat. 18 famili horiek izango dira lehenak ikusten konposta egitea ez dela lan zaila, ezta lan gehiegi ere, eta ingurumenak eskertuko du haien ahalegina”, azaldu du hondakinen gaiaren udal arduradun Jaione Peñak.

Lehen gunearen kokapena zehaztu aurretik, udal ordezkariak Madalenako auzotarrekin bildu ziren eta auzokonpostajeari buruzko informazio zuzena eman zieten. “Auzotarrek interes handia erakutsi zuten, eta eurak izan ziren gaur egun auzokonpostaguneak izango duen kokapena erabaki zutenak”.

auzokonpostagunea irekieraAuzokonpostaguneek norbere lurrik ez duten herritarrei hondakin organikoa birziklatzeko aukera ematen diete. Auzokonposta eraikitzeko, lursail publikoak erabiltzen dira. Lehen esperientzia honetan parte hartzen ari diren familiez gain, beste, 24 familik ere izena emanda dute. “Aurrera begira bigarren gune bat jarriko dugu herrian. Ahalik eta hondakin organiko gehien birziklatzea da lortu nahi dena”.

ORGANIKOA BEREIZTEAREN GARRANTZIA

Mutrikuarrek urtean 1,5 miloi kilo pasatxo zabor bidaltzen dituzte zabortegira. “Zabor ontzira botatzen dugunaren %40-50 hondakin organikoa da. Beraz, organikoa gaur egungo bilketa zirkuitutik aterako bagenu alde izugarria egingo genuke”, nabarmendu du Peñak.

Materia organikoa ez bereizteak kalteak eragiten ditu, bai ingurumenean, bai osasunean. Organikoa deskonposatu egiten da, eta gainontzeko hondakinekin batuta dagoenean, gas toxikoak edota lurra eta lur azpiko urak kutsatzen dituzten lixibiatuak sor ditzake.

Kalte zuzenena zabortegiaren inguruko bizilagunek pairatzen dute sortzen diren usain txarrak oso direlako deserosoak. Baina gas toxikoek eta lixibiatuek ez dute mugarik ezagutzen eta epe luzerako kalteak eragiten dituzte ingurumenean eta gizakion osasunean.