Herriko eragileek euskararekiko dute harremana aztertzen hasiko da Udala

2013/01/15
Merkatariak eta ostalariak dira euskara zerbitzuaren bisita jasoko duten lehenak; ze behar dagoen jakitea eta zerbitzua herritarrengana hurbiltzea dira azterketaren helburuak.

Euskara zerbitzua herriko hainbat eragilerengana hurbilduko da euskararekiko duten harremana zein den aztertzeko. Lortu nahi dena ondokoa da: euskaraz funtzionatzeko arazorik duten jakitea eta hala balitz, udal zerbitzuaren laguntza eskaintzea konponbidea topatzeko.

Euskara zerbitzuaren lehen bisita merkatariek eta ostalariek jasoko dute. “Urtea hastearekin batera, Uemako egutegia bidali diegu. Egutegian Uemak euren esku jartzen dituen euskarazko baliabideen berri ematen zaie. Horrez gain, euskara teknikariaren bisita jasoko dutela ere adieraz zaie”, azaldu dute udaletik

Teknikariak euskararekin duten harremanari buruzko datuak bilduko ditu, baita euskararekiko dituzten beharren, kezken edota duden gaineko informazioa ere. “Egoeraren diagnosia egin nahi dugu. Hutsuneak dauden detektatu nahi ditugu eta baleude, horiek konpontzeko bideak jarri”, adierazi dute udaletik. “Euskara zerbitzua herritarrengana hurbilduko dugu. Izan ere, Zerbitzu hori ere eskura dutela ikusarazi nahi diegu”.

EUSKARAZKO BALIABIDEAK INTERNETEN
Euskara zerbitzuak udalaren webgunean (www.mutriku.eus) duen atala indartu du. Herritarrentzat baliagarriak diren hainbat elementu jarri dituzte. Oraingoz, hiru atal ditu: Euskara interneten, Euskarazko produktuen katalogoa eta Euskarari buruzko albisteak.

Euskara interneten atalean, euskaraz lan egiteko, idazteko, nabigatzeko, jolasteko… dauden tresnak bildu dituzte. “Sarean daude, erraz eskura daitezke eta inolako zailtasunik gabe erabili. Gainera doakoak dira”.

Euskarazko produktuen katalogorako lotura ere eskaintzen dute. “Urtero, ikastetxeen laguntzarekin, katalogo horren paperezko betsioa banatzen dugu gazteen artean. Interneten, ordea, paperean agertzen ez diren hainbat produktu -jokoak, jolasak, DVD-ak, musika…- azaltzen dira. Herritarren begi bistan jarri nahi izan dugu erosketak egitean euskarazko kalitatezko produkzioa ere badela kontuan edukitzeko”.

Azkenik, euskarari lotutako albisteen atala ere jarri dute, gai horren inguruan publikatzen diren albiste interesgarrienen berri emateko asmoarekin. “Albiste nabarmenen bilduma egin dugu: handik eta hemendik jasotakoa leku berean jarri eta herritarrentzako eskuragarriago bihurtu”.