Herritarrei lehentasuna emanez ospatuko da Santo Tomas feria

2012/12/20
Herriko hamaika baserritarrek eta hainbat taldek osatuko dute zapatuko feria; Goiko Plazan izango da 10:00etatik eguerdia ondo sartu arte, baina egun osoko egitaraua prestatu dute herritarrek Udalarekin elkarlanean.

Herriko hamaika baserritatik ekarritako produktuak eta animaliak izango dira protagonista nagusi zapatuan egingo den Santo Tomas ferian. "Eskaera ugari izaten ditugu urtero, baina herritarrei lehentasuna ematea izan da gure nahia", aipatu du kultur teknikari Iratxe Gimenezek. Feria 10:00etan zabalduko da, eta eguerdia ondo sartu arte egongo da martxan.

Bertoko barazkiak ekarriko dituzten baserriak ondokoak izango dira: Ibiri, Ekoalboraz, Sagarmiña, Uxua Antia, Aritza eta Sagastiberri. Herritarrek sortutako Ondare enpresakoek, berriz, sasoiko produktuekin egindako mermelada jarriko dute guztien eskura, eta Goixenetxe baserriko gaztarik ere ez da faltako.

Feriako produktuen eskaintza osatzeko, herrian ekoizten ez diren moduko produktu ekoizleei ere dei egin zaie. Horrela, ogia eta gozoak ekarriko dituzte Berriatuko Malax baserrikoek eta Mallabiko Mañeko baserrikoek. Ataungo talogileak ere bertan izango dira.

Horretaz gain, animaliak ere ekarriko dituzte Kostola, Ibiri, Eizarre eta Etxerre baserrietatik. Besteak beste, arraza ezberdinetako ardiak, pottokak, behiak ( blondak eta betizuak), ahuntzak, antzarrak, zezenak eta txerriak egongo dira Goiko plaza inguruan.

Baserriko produktu eta animaliez gain, herriko beste hainbat taldek ere parte hartuko dute ferian, hala nola, Gaztelekukoak, institutuko ikasleak, Etxerat, Mandazketa elkartea, Irrien Lagunak, Errealzaleak, Zabiel eskulan taldea eta  Kilometroaken aldeko taldea. Aipatu beharra dago Misio taldeak ere bere denda jarria duela elizaren lokal barruan, eta Santo Tomas Egunean ere zabalik egongo dela. 

Feriaz aparte, musika, antzerkia, bertsoak... denetarik egongo da. Izan ere, herriko taldeek Udalarekin elkarlanean. Egitarau zabala bezain interesgarria prestatu dute, eta gauera arte luzatuko da, gainera.