Hobekuntza nabarmenak dakartza kiroldegiak irailetik aurrera
"Aurrerantzean kiroldegiak izango duen kudeaketa ereduak herritarroi onurak besterik ez dizkigu ekarriko". Hitz horiekin definitu du Iban Arrunategi kirol zinegotziak kiroldegiaren "izpiritu berria". Irailetik aurrera, kiroldegiaren kudeaketa Udalaren esku egongo da, eta udal ordezkariek baieztatu dutenez, "hobekuntza nabarmenak" egongo dira.
Harrera ordutegia da hobetu dituzten artean lehenengoa. "Orain arte ezagututako astegunetako ordutegia mantentzeaz gain, asteburutan ere zabaldu egingo dugu". Zehazki, zapatu arratsaldetan eta domeka goizetan erabili ahal izango da udal instalazioa.
Horretaz gain, gimnasioan ere onurak nabarituko dituzte erabiltzaileek. "Material berria topatuko dute, spinning-eko bizikletak, koltxoneta berriak...", aitatu dute.
Zuzendutako aktibitateei dagokionez, orain arteko aktibitate berdinak egiteko aukera egongo da. "Less Mills programa mantenduko dugu: Spinning, Body Combat, Body Jam, Body Step eta Body Balance egongo dira aukeran". Horretaz gain kiroldegiak orain arte eskainitako beste zerbitzu batzuk ere berdinetan jarraituko dute; besteak beste, entrenatzailea pertsonala, yoga, GPK gazteentzako aktibitateak eta dietetika zerbitzua. "Zuzendutako aktibitateetan izena emateko epea irailaren 10a izango da, eta lehen saioak irailaren 16an izatea da gure asmoa".
Udalak bazkide guztiei informazio orokorra etxera helarazi die eskutitz bidez; bertan, kiroldegiaren egutegia eta kutorak ere topatuko dituzte. "Bazkide ez diren herritarrek udaletxeko webgunera jo dezakete, bertan daukate informazio guztia, eskura".