Hondakinak biltzeko sistema herriak aukeratzea proposatu du Udal Gobernuak

2014/03/04
Herritarrek dauden sistema guztien gaineko informazioa jasoko dute erabakia hartzeko oinarria edukitzeko; adostasunetik eratorritako irtenbidea da Mutrikurentzat topatu nahi dutena.

Joseba Palenzuela alkatea buru duen Bilduko udal gobernuak hondakinen bilketa sistema erabakitzeko herri galdeketa egitea proposatu die gainontzeko udal taldeei. Horretaz gain, beste bi elementu ere jasotzen ditu proposamenak: Hondakinen Batzordea sortzea eta herritarrek aukera onena zein den erabaki ahal izateko informazioa eskaintzea. "Beharrezkoa izango da, ezinbestean, jendeak sistemen berri jakitea, baita bakoitzaren kostua ezagutzea ere".

Udal Gobernuak planteatzen duen galdeketa ez da atez atezkoaren eta bosgarren edukiontziaren arteko lehiara mugatuko. «Herritarrei eskura dauden aukera guztien berri emango diegu. Informazio saioak antolatuko ditugu, jendeak zehatz-mehatz jakin dezan sistema bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak», azaldu du Joseba Palenzuela alkateak. Horekin batera, Mutrikun kostuari erreparatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Proposamenaren oinarrian adostasunera heltzeko eta "mutrikuar guztiak asetuko gaituen irtenbidea" bilatzeko nahia dagoela nabarmendu du alkateak. «Hainbat herritan adostasunezko irtenbideak topatu dituzte. Gurean zergatik ez horrelako zerbait?», aipatu du Palenzuelak.  “Gure arteko borrokak zulo beltz batera eramango gintuzke, eta herriak ez luke hori ulertuko. Gure betebeharra mutrikuar guztiok batuko gaituen bide bat topatzea da”.

Hausnarketa prozesua irekiko da, beraz, lehendabizi, eta prozesuaren amaiera izango litzateke galdeketa. "Prozesu honetan guztian, garrantzitsua ez da sistema bat edo beste martxan jarri eta aurkari politikoari irabaztea. Garrantzitsuena da denok hastea birziklapenaren kultura barneratzea eta herriko birziklapen tasa igotzea". Mutrikuk, gaur egun, %26,49ko birziklapen tasa dauka, eta Debabarrenak %29,62, Gipuzkoako baxuena. Europako zuzentarauen arabera, 2016rako birziklapen tasa, gutxienez, %60koa izan behar da.

PROPOSAMENA BEGI ONEZ HARTUA

Udala osatzen duten alderdi guztiek begi onez hartu zuten proposamena. Gauzka horrela, alkatea ziur da  “berandu baino lehen” ados jarriko direla.

Adostasunerako ahalegina egiteak herriak eskertu egingo duela uste du Palenzuelak. “Guztiok gure posizioan irmo segitzen badugu jai daukagu’”. Alderdikeriak alde batera utzi eta irtenbidea “adostasunetik” etorri beharra azpimarratu du. “Garrantzitsua ez da ze alderdik irabazten duen. Herriak irabazi behar du, herriak atera behar du etekina gai honetan. Azken finean, gai honetan garrantzitsuena birziklatzea da. Zenbat eta batuago ekin, emaitzak hobeak izango dira”.