Hondartzarako bidea ez da moztuko lonja zaharraren parean, atarietan agertutako kartelek hala iragarri arren

2013/06/07
Udala Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren Zuzendaritzarekin harremanetan jarri da, eta adostu dute bidea ixtera behartzen duen obra udaldia pasatu arte atzeratzea.

Gaur, hilak 8, Nasa kaleko atarietan Lonja zaharraren parean bidea lau astetan itxiko zutela iragartzen zuten kartelak agertu dira. Bidea ixteko arrazoia, Lonja zaharretik Iberdrolaren transformadoreraino egin beharreko obrak ziren. Baina obra hori udaldia pasa arte ez hastea adostu du Udalak obra zuzentzen duen Garraio Azpiegituren Zuzendaritzarekin.

Kartelen berri jakin bezain laster, Udala Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da, eta egin nahi zutenaren aurrean bere aurkakotasuna agertu dio, bi arrazoi nagusi emanda:

- Auzo bat bakartuta, komunikazioa gabe, utziko litzateke. Bertan bizi diren herritarren artean, edadetuak eta ezindauak daudela nabarmendu du Joseba Palenzuela alkateak egoeraren larritasunaren dimentsioa ikusarazteko.

- Mutriku kostako herria denez, ekainaren 15ean uda denboraldia hasiko da, eta hondartzarako bidea moztuko litzateke, horrek dakarren guztiarekin; besteak beste, hondartzen garbiketarako makineria heltzeko ezintasuna, hondartzako salbamendurako sarbidea kentzea eta jendearen afluentzia moztea.

Horren aurrean, Jaurlaritzak bidea ez ixteko konpromisoa hartu du, eta udaldia pasatu arte pasabidea bermatuko dutela ziurtatu dute.

Horrekin batera, Samikolla-Burumendi errepidearen konponketaz hitz egiteko biltzea adostu dute. Udala eta Jaurlaritzako ordezkariak obra egingo duen enpresako arduradunekin batuko dira datozen egunetan.

Udalaren eskaera garbia izango da: lehenbailehen Burumendiko sarbidea irekitzea. "Gutxienez, errei bat irekitzea da lortu nahi duguna, jendeak pasabidea eduki dezan, eta obra bere osotasunean amaitu artean, hondartza eta portu inguruko zirkulazio arazoei behin behineko irtenbidea emateko", azpimarratu du alkateak.