Iazko parte hartzea espero dute etzi Mutrikuko IV. Arno Trail Sprint Race mendi lasterketan

2013/09/06
Proba 11:00etan hasiko da, eta 7,56 kilometroko luzera edukiko du; Kalbaixo eta inguruak ezagutzeko aukera izango dute kirolariek eta ikusleek.

11:00etan hasita jokatuko da, eta kirolariek zein ikusleek Kalbaixoko inguruak ezagutzeko aukera izango dute.

7,56 kilometrokoa izango da proba, 1.146 metroko malda metatuekin. 18 urtetik gora izatea da parte hartzeko baldintza bakarra. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek 12 euro.

Atzo eguerdira arte web orrialdean –www.herrikrossa.com– hamar bat lagunek zeukaten izena emanda. «Inskripzioa web bidez egiten dutenek sari ederren zozketan hartuko dute parte», gogoratu dute Kalbaixoko Kofradiakoek, jendeari proba eguna aurretik izena emateko gonbitea eginaz.  Domekan bertan, 09:30etik aurrera egongo da irteeran izena ematea, Kalbaixoko ermitan, baina antolatzaileek webgunearen bidez izena ematea komenigarriagoa dela jakinarazi dute.

Antolatzaileek iazko parte hartzaile kopurua mantendu –64 gizon-emakumek hartu zuen parte– edo zerbait handitu egingo dela uste dute. «Egun berean ez dago beste mendi lasterketarik, eta pentsatzen dugu iaz baino jende gehiago etorriko dela. Iazko beste izanez gero, ondo legoke».

ITURRIA: Hitza