Ibilbide berria dakar berarekin III. Arno Trail Sprint Race lasterketak
Ibilbideak, guztira, 7,56 kilometro ditu. "Parte hartzaileek Arnora igo beharko dute, iaz bezala. Baina aurten ibilbidea aldatu egin dugu, eta paraje ederretatik pasako direla ziurtatzen dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Iaz 40 lagun inguruk parte hartu zuten, baina aurten jende gehiago espero dute. Izena eman nahi dutenek herrikrosa.com webgunean egin dezakete; bestela, egunean bertan ere, 09:30etik aurrera, egongo da horretarako aukera. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek , 2 euro gehiago.
Lasterketako araudia Kalbaixoko kofradiak facebook-ean duen profilean kontsulta daiteke. Sariak, berriz ondokoak dira: lehenengoak 100 euro eta txapela eskuratuko ditu; bigarrenak, 80 euro; hirugarrenak 40 eta laugarrenak txakolin kit-a. Emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat sariak berdinak izango dira.
Laugarren sailkatuak ez ezik, lehen beteranoak, lehen mutrikuarrak eta lehen auzotarrak ere txakolin kit-a eskuratuko dute. "Partaideen artean ere hainbat opari zozketatuko ditugu".
Informazio gehiagorako aurrez aipatutako sare sozialeko profila kontsulta daiteke edota kalbaixokokofradia@gmail.com-era idatzi.