Illarramendirentzako, bihotzez eta esker onez

2014/06/19

Herritik sortu zen jokalariari esker ona adieraztea zen Mutriku Futbol Taldearen helburua. Eta azkenean jokalariak berak amaitu zuen herritarrei eskerrak ematen. Edonola ere, Asier Illarramendik gertukoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen joan den zapatuan San Miguel zelaian egindako omenaldian.

Mutriku FTko Gorengo eta Lurraldeko lehen mailako futbolariek zelaian pasilloa egin, eta Txemi Galarraga kazetariak Real Madrileko jokalariaren aurkezpena egin ostean, Illarramendik zelaira salto egin zuen.

Jokalari ospetsuak txikia zenetik gaur egunera arte edukitako ibilbidea azpimarratu eta gero, Galarragak Mutriku FTko idazkari Begoña Anakaberi eman zion hitza. Eta harek, egindako danagatik eskerrak emateko, bertsoa eskaini zion Illarramendiri, barru-barrutik.

Bertsoa adi-adi entzun eta gero, futbol taldeko lehendakari Jon Naberanek oroigarria eman zion Illarramendiri.

Jarraian Mutriku FTko Gorengo eta Lurraldeko lehen mailako jokalariek lagunarteko partidua jokatu zuten eta horretan, ohorezko sakea egin zuen Illarramendik. 2-0 emaitzarekin, Gorengo mailakoek irabazi zuten partidua.

San Juanen bazkaldu zuten Mutriku FTko Gorengo mailako, lurraldeko lehen mailako eta gazteen taldeko jokalariek, taldeko ordezkariek eta Illarramendik.
Amaitzeko, Illarramendik Mutriku FTko aurtengo sariak eman zituen. Eta bide beretik, Burumendi gazteen mailako taldea mailaz igo dela eta, jokalari bakoitzari domina bana eman zion jokalari profesionalak.

Ekitaldia xumea eta hunkigarria izan zela esan zuten Mutriku FTko ordezkariek. «Illarramendiri Mutriku FTren alde egindako denagatik eskerrak emateko ekitaldia zen, eta azkenean berak amaitu zuen eskerrak ematen». Oro har, ekitaldia Illarrarentzako izan zen. Hori bai, bihotzez eta esker onez.

Ilarramendiri eskainitako bertsoa:
Doinua: Itsasoari begira (Benito Lertxundi)

Hamabi urtekin Realera
utzita herri kuttuna.
Donostia aldean zuk egin duzu
lana benetan txukuna.
Madril aldera joaterakoan
erakutsi umiltasuna.
Errege Kopa eta Champions League
demasa da egin duzuna!
Eskerrik asko bihotz bihotzez
zara gure txapelduna