Iriagirreko horma egonkortzeko obrak hastear

Ekainean Iriagirre auzoko herritarrek emandako abisuari jarraiki, auzoaren eta errepidearen arteko eustorman agertutako pitzadurak aztertzeari ekin zion udalak.

Azterketa geoteknikoak erakutsi zuen eustormaren atzeko betelanak bultzaka ari zela eta horma kaltetzen ari zela. Hala ere, etxebizitzen eraikinak haitzaren gainean sendo zeudela ere ondorioztatu zen. Jarraian, horma egonkortzeko lanak egiteko proiektua idatzi zen.

Aurrekontuan diru-lerrorik ez zegoenez, gerakin edo erremanentetik hartutako diruz partida berri bat egin zen obra kontratatu ahal izateko. Kontratazio prozesuaren buruan, Azogue Ingenieria SL enpresari esleitu zitzaion obra 79.954,99 euroko aurrekontuarekin.

Urtarrilaren 7an zuinketa-akta egin da, udal teknikaria, obra burutuko duen enpresaren ordezkaria, obra zuzendaria eta segurtasun ardurduna bertaratuta. Egun horretatik aurrera, bi hilabeteko epean burutuko dira horma egonkortzeko obrak. Lehenengo aste honetan prestaketa lanak eginda, astelehenean, hilak 13, hasiko dira makinak eta operariak auzoan lanean.

Obraren tokiaren ezaugarriak kontuan hartuta, errepidearen errei bat okupatu beharko da, eta ibilgailuen trafikoa semaforo bitartez antolatuko da. 

Horma egonkortuta dagoela, goiko aparkalekuaren eta ondoko plazatxoaren urbanizazio-obra ere burutuko da, horiek ere kaltetuta daudelako. Obra horretan, kontu berezia jarriko zaio irisgarritasunari, aparkalekuaren eta plazatxoaren artean dauden bederatzi eskailerak kendu eta arranpa eginda.

 Obrak iraungo duen aldian auzotarrei eragozpenak barkatzeko eskatu nahi zaie.