Jontxu Elordi eta Juan Larreina izango dira Berdel Aipamena jasoko duten herritarrak

2013/03/26
Herriko nagusien inguruan egindako lana da bi herritar hauen ahalegina elkartzen duena; ekitaldian, herriko beste zortzi lagunek ere aipamen berezia jasoko dute.

Berdel jaiaren inguruko lehen ekitaldia, bihar (martxoak 27), 20:00etan, udaletxeko pleno aretoan izango da. Bertan, Jontxu Elordik eta Juan Larreinak Berdel Aipamena jasoko dute; batez ere, herriko nagusien inguruan egindako lanagatik.

Giro eta gune ezberdinetan aritu diren arren, bi herritar horien lana elkartzen duena hori da, hain zuzen ere: herriko nagusientzat, nagusiekin eta nagusientzako egindako lana. 

Aurtengo ekitaldian, ordea, aipamen berezi gehiago ere egongo dira. Izan ere, Ohorezko Laguntzaile izendapena jasoko dute herriko zortzi lagunek: lau emakumek eta lau gizonezkok. “Gizonezkoetako bat ez dago jada gure artean, baina egindako lanak errekonozimendua merezi zuela erabaki genuen”, azaldu du turismo teknikari Marta Amonarrizek.

Ohorezko laguntzaileen figura 2009an agertu zen, eta orduan bakarrik banatu zen, gainera. Lehenengo aldi hartan, beste zortzi herritar izan ziren aipamen berezia jasotakoak. “Orduan aipamena jasotakoei urteetan egindako lana eskaertu nahi izan zitzaien, laguntzailea izateari utzi beharrean zeuden eta”, nabarmendu du Amonarrizek. “Urteak aurrera, figura hori berreskuratu egin behar zela uste izan dugu. Bihar aipamena jasoko dutenek ez diote laguntzaile izateari utziko, baina urteetako lanari errekonozimendua ematen jarraitzea erabaki du Udalak”.