Konposta egiten ikasteko saioa egongo da eguaztenean, hilak 22, herritar guztientzat zabalik eta doan

2014/01/21
Etxean lorategi edota baratza dutenek autokonposta egiteko tresneria eskuratu ahal izango dute; auzokonposta egiteko interesa dutenek izena eman ahal izango dute etorkizuneko guneetan parte hartu ahal izateko.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak eta Mutrikuko Udalak etxean konposta egiteko kanpaina egingo du 2014an ere. Gaikako bilketa eta birziklatzea bultzatzea da helburua. "Konposta eginez, hondakin organikoak zabor bilketa zirkuitutik ateratzen ditugu. Hondakin mota hori besteekin nahasten sortzen diren lixibiatuak dira, hain zuzen ere, ingurumenari kalte gehien egiten diotenak", adierazi du Udalean hondakinen kudeaketaren arduradun Jaione Peñak. "Materia organikoa birziklatzea funtsezkoa da. Gainera, zabor-poltsara botatzen dugunaren ehuneko oso handia da".

Konposta etxean egin ahal izateko ikastaroa eskainiko zaie lehendabizi eskualdeko herritarrei, doan. Mutrikun, urtarrilaren 22an, 19:00etan, Zabielen izango da. Ikastarora gaiaren inguruan interesa duen guztiak joan ahal izango du.

Lorategia edo baratza dutenek, autokonposta egiteko aukera dutenez, ikastaroan bertan konposta egiteko materiala jaso ahal izango dute. "Konpostadorea, konpost-aireztagailua, konposta egiteko eskuliburua jasoko dituzte. Horrez gain, martxan hasitakoan, bakoitzari bere etxean laguntza emango diote teknikariek eta egiten ari denaren jarraipena ere egingo dute, bere lasaitasunerako", azaldu du Peñak. "Talde honetan daudenek aurrez izena ematea komeni materiala ekarriko diegu eta". Izena emateko 902 102 885 telefonora deitu behar da.

Lur propiorik eduki ez, baina konposta egiteko interesa dutenek, formazioa jasotzeaz gain, etorkizuneko herriko guneetan parte hartzeko izena eman dezakete, auzokonpostan aritzeko. "Konposta egiteak ez du lan handiegia eskatzen, eta gainera, Mutrikun, hondakinak murrizteko lan egiten dutenek zabor-tasan hobaria izango dute aurtendik hasita", azpimarratu du Peñak.