Kontsumo jasangarria posible dela egiaztatutako dute mutrikuarrek zapatuan herrian egingo den EkoBira azokan

2013/06/13
Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek parte hartuko dute.

EkoBira, kontsumo jasangarriaren azoka ibiltaria, Mutrikun izango da zapatuan. Guztira, 28 postu egongo dira: ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuarekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresak izango dira bertan. Postuak bisitatuz, “beste kontsumo era bat posible dela” egiaztatu ahal izango dute herritarrek.

Zapatuko azokan parte hartuko dutenen artean, zortzi postu herriko ekoizleek eta artisauek jarritakoak izango dira. Bertan egongo dira, Zabiel Eskulan taldekoen produktuak, Mari Karmen Arizmendik larruarekin sortutako piezak, Yanartekoen tuperrak, Ibiri eta Ekoalborazen baserriko produktuak, Ondarekoen mermeladak eta Goienetxeko gazta. “Azken bi ekoizle horiek elkarren ondoan egongo dira, eta euren produktuak konbinatuta, dastaketa txiki bat ere eskainiko dute”, azaldu dute udaletik.

EkoBira Kutxako Ekoguneak bultzatutako azoka da, eta Mutrikuko Udalarekin elkarlanean prestatu du zapatuko azoka. Besteak beste, produktu eta zerbitzu ekologikoak, ingurumenean eragin edo inpaktu txikiagoa dutenak eta kontsumitzeko aukerak azalarazi nahi ditu azokak. “Kontsumo jasangarria eta solidarioa sustatzea da Kutxa Ekogunearen ildo estrategikoetako bat eta horren harira sustatu du proiektu hau hirugarrenez”.

Postuez gain, zenbait tailer ere egongo dira aukeran: xaboiak eta kremak egitekoa, janari ekologikoen sukaldatzea, altzariak birziklatzekoa eta herriko ingurumen erronketan parte hartzeko tailerra. “Tailerretan parte hartu nahi dutenek lehenbailehen izena ematea komeni. Plaza mugatuak dira, baina oraindik ere badago lekuren bat edo beste”, nabarmendu dute. Izena emateko Mutrikuko turismo bulegora jo beharko dute interesatuek (943-60 33 78).

Goiko plazan izango da guztia: 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. “Bizimodu jasangarria egiteko aukerak badaude elikadura alorrean, baita energia-kontsumoan, aisialdian eta abarretan ere. Eta hori ikusgai jarri nahi du EkoBirak”.

 

Aurtengo Berrikuntzak

EkoBira aurten ere herritarrengan zentratu da egunero sortzen ditugun zaborrak aprobetxatzeko ekintza batzuk proposatuz.

Hauek dira Mutrikun izango diren tailer praktikoak (tailerrak doakoak dira): 

> Lego serious Play: Herritarrek herriko ingurumen erronketan parte hartzen
// Ordutegia: 10:30etatik 14:00etara
// Lekua: Udaletxeko plaza, Mutriku
// Adina: +18 urte

> Ekocooking: Garaian dauden produktuekin sukaldaritzen ikasi

// Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara
// Lekua: Udaletxeko plaza, Mutriku
// Adina: +7 urte 

> Krema eta xaboiak: Etxeko produktuekin, era erraz baten, xaboia eta kremak egiten ikasi
// Ordutegia: 17:00etatik 19:30etara
// Lekua: Udaletxeko plaza, Mutriku
// Adina: +7 urte 

> Altzari birziklatuak: Etxeko objektuekin birziklaturiko altzariak egiten ikasi
// Ordutegia: 17:00etatik 19:30etara
// Lekua: Udaletxeko plaza, Mutriku
// Adina: +7 urte 


*Ekintza guztietan, 14 urte baino gutxiagoko gazteak gurasoekin egon beharko dira 

Informazio gehiago: www.ekogunea.net