Leire Rodrigezek irabazi du Malenetako kartel lehiaketa bigarren urtez jarraian
2012an bere lana aukeratu zuen epaimahaiak, eta 2013an istorioa errepikatu egin da: Leire Rodrigezen lana aukeratu du epaimahaiak Malenetako irudia izateko. Bigarren saria Nahia Velez de Mendizabalek eskuratu du.
Aurrez egin zuen bezala, herriarekin lotura duten elementuak erabili ditu kartela osatzeko: egurrezko arrain kaxak, sarea... Malenei erreferentzia egiteko, berriz, karteleko pertsonaiek daramaten kamisetak erabili ditu. "Gazte Eguneko kamisetak berdeak izango dira, eta kamiseta hori erabili nahi izan dut", aipatu du. Gazte izateari bestelako erreferentziak ere egin dizkio kartelean.
Rodrigez pozik agertu da bere lana aukeratua izan delako, aurten ere, baina lehiaketan jende gehiagok parte hartzea nahiko lukeela adierazi du garbi. "Nork irabaziko duena baino lehiaketa bera indartzea gustatuko litzaidake. Iaz aurten baino gehiago izan ginen. Ea datorren urtean animatzen den jendea eta lehiaketak gorputza hartzen duen".