Lur gaineko sokatira txapelketako finala Galdonan jokatuko da bihar

2014/05/23
Galdona kanpineko zelaietan jokatuko da bihar 680 kiloko sokatira txapelketako finala

Asteburuan izango diren kirol gertaera guztien artean, sokatirak ere bere lekua izango du, izan ere lur gaineko sokatira txapelketako finala jokatuko baita 680 kiloko kategorian. Tiraldiak Galdona kanpineko zelaietan izango dira arratsaldeko 17:30etik aurrera, eta guztira zazpi taldek parte hartuko dute; Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri A, Goiherri B, Ibarra eta Mutriku.

Aurtengoan badira nobedade oso interesagarriak, izan ere, talde guztietan emakumeak izango baitira. Bestalde, talde bakoitzeko zortzi tiralari izaten direnez gero, pisua egokitzeko ere baliagarria gertatu zaie era mistoan jokatzeko ahalmena. Talde guztien pisaketa arratsaldeko 15:30etik 16:30ak bitartean izango da, beraz jai giroa ziurtatua dago Galdona aldera jotzen dutenentzat.

Ahalegina gazteekin
Bestalde aipatu, Mutrikuko Sokatira Taldeak ahalegin berezi bat egiten diharduela gaztetxoen artean herri kirolekiko jarduera sustraitu dadin, horren lekukoa izan zen joan zen urteko Malen jaietan egin zuten agerpena, edo eta pasa den larunbatean burutu zuten erakusketa.

ITURRRIA: A. Gorritiberea