Lurraren azterketa egitea amaitu dute Imaztarren etxe inguruan

2013/02/22
Lur mugimenduak errepidean eragina izan zuenez, Udalak Diputazioko Errepide Sailari egin zion konponketaren ardura hartzeko eskaria, eta horretarako lehen pausoak eman dituzte.

Eptisa enpresa izan da Diputazioak Imaztarren etxe inguruko lursailean zundaketak egitera bidalitako enpresa. Zundaketa horien helburua dira lurrak behera zergatik egin zuen jakitea eta aurrera begira egin beharreko lanak zehazteaIuridan. Asteon amaitu dituzte egin beharreko proba guztiak.

Bi puntu zehatzetan egin dira zundaketak: Imaz familiaren etxearen atzekoa aldean eta errepideari lotuta zegoen paretaren inguruan. Zundaketak egiteaz gain, inklinometro bat ere jarri zuten inguruan. Makina horrek lurra mugitzen den adierazten du, eta hala balitz, mugimenduaren nondik norakoak neurtzen ditu.

Hurrengo pausoa konponketa lanekin hastea izango da. Udal Hirigintza Sailak Errepide Sailarekin hartu-eman zuzena dauka, eta egiten ari direnari jarraipena egiten ari dira bertatik.