Marmitako lehiaketan izena emateko azken eguna eguena da

2013/09/09
Txoko Eder elkarteak antolatzen duen lehiaketa irabazten duenak 250 euro lortuko ditue, eta bigarrenak, 175 euro.

Kalbaixo Txiki Eguneko ekitaldi nagusienetakoa Txoko Eder elkarteak antoaltzen duen marmitako lehiaketa izaten da. Aurten lehen bi postutan gelditzen direnek inoiz baino sari potoloagoa jasoko dute, gainera. Horretarako, baina izena eman beharra dago, eta epea eguenean (hilak12) bukatzen da.

Lehiaketan parte hartzea erabakitzen dutenek, lehenbailehen, Sabinanera edo Alvaronera jo beharko dute. Izan ere, parte hartzaile kopurua mugatua da, eta behin zerrendan 16 talde daudenean, ez da beste inor onartuko. Lehiaketako irabazleak 250 euro eta garaikurra eskuratuko ditu aurten, eta bigarren gelditzen denak, 175 euro eta garaikurra. Ez dira saritu bakarrak izango, ordea, seigarren gelditzen den taldera arte sariak banatuko dituzte eta.

Ohi bezala, elkarteak marmitakoa egiteko oinarrizkoa emango die parte hartzaileei: hiru kilo hegaluze, lau kilo eta erdi patata, olioa, gatza eta sua. Lapikoa eta tresnak talde bakoitzak ekarri beharko ditu, eta aipatutako osagaiez gain, piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomatea erabili beharko dituzte. Hortik kanpo, barazkiak bakarrik gehitu ahal izango dituzte.

Lehiaketa bukatzean, marmitakoak enkantean erosi ahal izango dira. "Parte hartzaileei gogorarazten diegu egiten duten marmitakoa saria lortzeko egiten dutela. Marmitakoak edonork eros ditzake gero, sukaldariek ez daukate marmitakoen gaineko inolako jabetzarik", aipatu dute antolatzaileek.