Martin Garitano diputatu nagusia herritarren kezkak eta proiektuak ezagutzera etorriko da Mutrikura ekainaren 19an

2014/06/17
"Herritarrekin herrira" ekimenaren barruan, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia, Foru Aldundiko beste ordezkari batzuek lagunduta, Mutrikura joango da egun osoko bisitan.

"Herritarrekin herrira" ekimenaren barruan, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia, Foru Aldundiko beste ordezkari batzuek lagunduta, Mutrikura joango da egun osoko bisitan

Herriko ordezkari politikoekin eta herri eragileekin bilduko da mutrikuarren proiektuak eta kezkak gertutik ezagutzeko asmoz. «Eguenean herriko gorabeheren berri hurbiletik izan, herritarrek dituzten kezkak jaso, eta herria nola dagoen ikusteko aukera izango du ahaldun nagusiak eta berarekin etorriko den taldeak. Batez ere Gipuzkoako Aldundia Mutrikun egiten ari den lana zertan datzan hurbilagotik ikusteko aukera izango du. Horrez gain, herritarren aldetik zer eskakizun eta behar dauden ere, ikusteko eta entzuteko aukera edukiko du», gaineratu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.

Eguenekoa ez da Martin Garitano ahaldun nagusia Mutrikun egon den lehen aldia izango. Hain zuzen ere, aurretik beste bi aldiz ere herrian egona da. «Legealdi hasieran Mutrikun egon zen, eta aurtengo urte hasierako itsas ekaitzak sortutako kalteak, berta-bertatik ikusten aritu zen udaleko ordezkari batzuokin», azaldu du Palenzuelak.

 

EGUNEKO EGITARAUA

  • 11:00 Udal langile eta teknikariekin bilera
  • 12:00 Lurjausia egon zen lekua bisitatu. Etxebizitza eraikinari egindako kalteen obrak konpontzeko lanak.
  • 12:30 Merkatu plaza: erabilera anitzeko gune izateko espazio estalia.
  • 12:50: HEDABIDEENTZAKO TARTEA, Merkatu plazan.
  • 13:00 Alde Zaharra. Kezka dago bizilagunen artean, suteak izatekotan, Eibarren dagoelako Suhiltzaileen Parkea.
  • 13:30 Adinekoen egoitzara bisita (bertan, eguneko zentroa jartzeko asmoa dago).
  • 13:45 Errementaria: zonalde degradatua. Eraikin zaharra eraitsi, espazioa txukundu eta kale bihurtzeko plana dago.
  • 14:00 Konbentua. Udalaren jabegoa da eta hutsik dago.
  • 16:00 Lurralde garapeneko taldea: Balea Fundazioa + merkatarien elkartea (Bertan) + Mubae (Mutrikuko Baserritarren Elkartea)
  • 17:30 Mutriku-Sasiola errepidea (Astigarribia auzoa)
  • 19:00 Herri bilera. Kultur etxean (interpretazio zerbitzua egongo da)