Mijoa ibaiaren garbiketan kamioikada bat zabor atera dute herritarrek auzolanean

2012/11/13
25 boluntario inguru batu dira zapatuan (hilak 10) Mijoa garbitzeko; Saturrarango hondartzan hasi eta Pikupe auzorainoko tartean aritu dira(barruan argazki gehiago hartzeko moduan).

25 lagunek parte hartu zuten joan den zapatuan gauzatu zen Ibailagun ekimenean. Mijoa errekaren ibilgua garbitu zuten Saturrarango hondartzatik Pikupe auzoraino. Kamioikada bat zabor bildu zuten denen artean. Ondoren, Ibai Lagun jaia egin zen Goiko plazan. Ekimen honen bitartez, "ibai eta errekak zaintzeko eta babesteko ardura denona" dela ohartarazi nahi izan dute antolatzaileek.

Mijoa auzloanean garbitzearekin lortu nahi zena, ondokoa zen: ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta hala mantentzeko sentsibilizazio-lana egin. Herriko hainbat talderen, Udalaren eta Debegesaren artean atera zuten aurrera ekimena, Uraren Euskal Agentziaren (URA) laguntzarekin.

Parte hartu zuten 25 herritarren artean - haur, gazte eta heldu- giro bikaina egon zen,e ta esna bezala, kamioikada bat zabor bildu zuten: botilak, latak, plastikoak, zapatillak, aletak, gurpilak… Boluntarioen artean Burumendi Mendi Taldeko kideak, Udaleko brigada eta adin guztietako herritarrak egon ziren.

09:30ean egin zuten hitzordua boluntarioek plazan. Antolatzaileen azalpenak entzun ostean, eskularruak eta zabor poltsak banatu eta Mijoa errekarantz abiatu ziren, batzuk oinez eta beste batzuk autobusez.

Eguraldia lagun, Saturrarango hondartzan hasi ziren boluntarioak ibaiertzak garbitzen eta Pikupe auzoraino iritsi ziren. Hainbat boluntario ibaira sartu ziren zaborra atera nahian eta busti-busti eginda amaitu zuten azkenerako.

Ordu eta erdiz lanean jardun ondoren, bildutako hondakinak kamioian sartu eta Goiko plazara itzuli ziren guztiak. Bertan Ibailagun jaia ospatu zen. Txantxangorri taldeko kideek hondakinekin jolasak egiten zituzten bitartean, Mutriku Zero Zabor taldekoek berrerabilpen tailerrak antolatu zituzten haurrentzat.

Egunari amaiera borobila emateko, bertako produktuekin prestatutako luntxa eskaini zitzaien ekimenean parte hartu zuten guztiei.

 

Eguneko argazkiak ikusteko klik egin hemen. Nahi izanez gero, argazkiak jaitsi daitezke.