Munduko puntista onenek neurtuko dituzte indarrak zapatuan Miruaitzen

2014/07/17
Floridako frontoietan (AEB) ari diren zortzi puntistak duten guztia eskainiko dute datozen bi zapatutan mutrikuarren gozamenerako.

Zesta-punta zaleek kirol horretaz gozatzeko sekulako aukera edukiko dute, datozen bi zapatutan, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Mundu onenen artean dauden zortzi puntistek duten guztia emango emango dute herriko torneo irabazteko. Zortzi jokalariek Floridako frontoietan (Miami, Dania, Orlando) jokatzen dute.

Jai Alai Zikuituaren baitako bigarren txapelketa izango da Mutrikun jokatuko dena. "Zesta-punta biziberritzea eta merezi duen tokia ematea da Jai Alai Zirkuituaren helburu nagusia", azpimarratu du Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari Patxi Jauregik gaur bertan udaletxean egindako aurkezpenean. "Proiektu sendo baten lehen urratsa da txapelketa hau, eta Mutrikuko frontoia izan da horretarako aukeratutako guneetako bat"

Mutrikun txapelketa jokatzeko arrazoi sendoak dituztela gaineratu du Jauregik: "Mutriku beti izan da zesta puntan erreferente; puntista ugari eman dituen herrian izan baita. Horrez gain, gaur egun, Danok Batek, eta bereziki, Goxarrik duen inplikazioa eta egunerokoan jartzen duten gogoa ikusita ezinezkoa litzaiguke ezetz esatea", nabarmendu du.

Joseba Palenzuela alkateak eta Danok Bateko kide Jon Mendizabal Goxarri-k esker onez hartu dituzte federazioko lehendakariaren hitzak eta bat etorri dira txapelketa herrian jokatzeak duen garrantzia azpimarratzerako orduan. "Herri zesta punta eskolan dauden 45 umeek profesionalak zuzenean ikusteko aukera edukikodute, eta hori haientzat gauza handia izango da", adierazi du Goxarrik. "Eta zesta zaleentzat orokorrean, munduko onenen artean dauden jokalariak zuzenean ikusteko aukera edukitzea, herrian bertan, aukera paregabea da; pelotari hauek kalitate handikoak dira, eta bertatik bertara jokatzen ikustea gauza handia da kirolzale guztientzat".

Jai Alai Malen 2014

 

BI ZAPATUTAN JARRAIAN

Jai Alai Zirkuituaren bigarren txapelketak bi zapatu iraungo ditu herriko jaien hasiera eta bukaerarekin bat etorriz: uztailaren 16an, finalerdiak jokatuko dituzte, eta uztailaren 26an finalak.

Datorren zapatuan,  alde batetik, Foronda-Lopez eta Hormaetxea-Irastorzak neurtuko dituzte indarrak; eta beste alde batetik, Goikoetxea-Urtasun eta Beaskoetxea-Hernandez ariko dira nor baino nor.

Irabazleek hurrengo zapatuan, uztailak 26, final nagusia jokatuko dute. Aurrez, baina, galtzaileek hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko salto egingo dute kantxara.

Finalerdiak zein finalak, 22:00etan hasiko dira. Sarrerek 15 euro balioko dute. Aldez aurretik frontoiko tabernan erosteko aukera dago. Sarrerak geldituz gero, partidak hasi aurrean frontoiko lehiatilan eskuratu ahal izango dira.

Txapelketaren babeslea herriko enpresa bat izango da: Conservas Zizzo.

 

FRONTOIA BETETZEA HELBURU

Federazioak zesta puntaren aldeko apustu sendoa egin izana da Patxi Jauregi presidenteak azpimarratu nahi izan duen puntuetako bat. "Esan beharra dago puntisten inplikazioa ere erabatekoa dela: buru belarri sartuta daude proiektuak eta euren aldetik ahal duten guztia ipintzen ari dira".

Gauzak horrela, Mutrikuko frontoia betetzea lortu nahi dute. "Herritar guzti-guztiak animatu nahi genituzke zapatu hontan zein hurrengoan egongo den ikuskizunera. Joaten direnek ez dute damurik izango", aitatu du Goxarrik.

 

ARGAZKI GALERIA: Udaletxeko facebook-ean

ALBISTE GEHIAGO:

- Hitza: Zesta-puntako Lehenengo Jai Alai Zirkuituko bigarren txapelketa jokatuko dute zapatuan Mutrikun

- Noticias de Gipuzkoa: Los mejores puntistas del mundo se citan en Mutriku