Mutriku bere natura babesten eta hobetzen

2023/03/22



Mutrikuk baditu hainbat natura-altxor; iratze paleotropikalak, artadiak, kostako habitat naturalak, duna eta paduretako espezie bereziak, etab. Bereziki lehenengo biak babestu eta sustatzeko dirulaguntza lortu du aurten.

68.177,80 euroko dirulaguntza lortu du Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, aurten eta datorren urte artean Mutrikuko ondare naturalaren berreskurapenerako lanak egiteko.


Dirulaguntza horren bitartez Artzainerreka inguruan 6 ha-ko lursail bat erosi du. Lursail horrek duela urte batzuk moztu eta ateratako Pinus radiata landaketa bati dagokio. Gaur egun, partzela hori degradatua dago; landare exotiko inbaditzaile ugari daude eta landarediaren estaldura eskasa da eremu batzuetan.

Udalak balentria handia egin du lursail horren erosketan. Udaberri-uda honetan espezie exotiko inbaditzaile horiek lursailetik aterako dira. Horrek, beste eremu batzuk inbaditzea ekidingo du. Mutrikuko altxorretako bat, Woodwardia radicans iratze paleotropikala, partzela horren mugan aurkitzen da ere. Espezie hau “Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda”-n barneratuta dago eta bakana kontsideratzen da Euskadin, ekialderantz eta barnealderantz bere populazioak gutxiagotu egiten direlarik. Lursail hori Udalaren kudeaketaren esku egoteak iratze populazio horren babesean lagunduko du.


Lursail horretan lan egiteak beste hainbat albo onura ere ekarriko ditu. Berez egon beharko litzatekeen basoa leheneratuko da. Baso potentzial horrek artadiari dagokio. Artadiak biodibertsitate berezi eta oparoaren gordailu dira eta Habitat Zuzentarauak babesten ditu horregatik. Ezin ahaztu, toki honen kokapena, Arno eta Urdaibaiko Artadi Kantauriarren arteko Korridore ekologikoaren Indargetze eremuan kokatzen da. Indargetze-eremuek korridoreari negatiboki eragin diezaioketen efektuak leundu edo indargetzea dute helburu.


Azkenik, lursailean bertan, anfibio eta bestelako izaki bizidunak lagunduko dituzten bi urmael sortuko dira. Bi urmael horiek egiteko moduagatik, bilakaera ezberdina izango dute ur hartzeari dagokionez. Urmael horiek, ingurumenaren sentsibilizazioa lantzeko tresna gisa baliatuko dira ere.


Lanen kronogramari dagokionez, 2023an landare exotikoak erauziko dira, udan zehar. Baita, W. radicans espeziearen kartografia zehatza egin ere, bere populazioen kokapen zehatza ezagutzeko. Uda amaieran, agorraldian, urmaelak sortzeko baso-lanak aurrera eramango dira. Baso-lan guzti horiek (erauzketa lanek bereziki), lursailaren itxura aldatuko dute ezinbestean, eta, posible da, lehen fasearen ondoren, hasieran baino degradatuago egotearen itxura hartzea. Basoaren errestaurazio lanek pazientzia eskatzen dute ordea. 2024. urte hasieran artadia berreskuratzeko espezieak landatuko dira eta horiek tamaina txikikoak izango diren arren itxarotea besterik ez da geratuko naturak bere lana egin eta baso zabal eta aberatsa lortzeko.


Azkenik esan, bai urmaelak zein artadiko espezieen landaketak, auzolanean egiteko bi irteera antolatuko direla.

 

1. Irudia. Jarduketa eremuaren kokapen orokorra (07-008 lur saila) eta Natura intereseko eremuak



2. Irudia. Babestuta dagoen Woodwardia radicans iratzea Artzainerrekan.(Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saila).