Mutriku-Sasiola eta Turruntegi-Arbe egitasmoak aurkeztuko dituzte eguaztenean

2015/02/23
Udalak landu dituen bi egitasmoen inguruko informazio zabala eskainiko da eguaztenean, Zabielen

Udalak landutako bi egitasmoren berri emango dute eguaztenean, hilak 25, 19:00etan, Zabielen. Bi egitasmo horiek honako hauek dira: Mutriku-Sasiola errepidearen alternatiba eta Turruntegi-Arbe espaloiaren proiektua. Biak ere Udalak landutako egitasmoak dira, eta herritarrei planteatzen denaren berri ematea da bileraren helburua.

Mutriku-Sasiola errepidea Udalak estrategikotzat duen proiektu bat da. Aurretik zetorren proiektua ez zela egingarria jakinarazi zuen Aldundiak legealdi honetan. Aurreko proiektuak 82 miloi euroko kostua zuen. Horren aurrrean, Udalak ekonomikoki egingarria izan zitekeen alternatiba bat topatzea proposatu zuen, eta azterketa egiteko Aldundiko diru-laguntza lortu zuen.

Endara ingenieritza enpresari esleitu zion Udalak azterlana egin eta alternatiba egokiena proposatzeko lana. "Aurreko proiketuaren parean, ekonomiko egingarria zen alternatiba izateaz gain, bi helburu bete behar zituen: alde batetik, kostako errepidearen aurreko alternatiba egokia behar zuen izan; eta beste alde batetik, ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egitea zen gure nahia", azaldu du Joseba Palenzuel alakteak. Errepide-proiektuak beste baldintza bat ere bete behar zuen: trafiko astunarentzat modukoa izan behar zen eta ibilgailu mota horiek gurutzatzeko modukoa. "Proposamena zein den herriari azalduko dio lan horren ardura izan duen ingenieriak berak", nabarmendu du alkateak.

Turruntegi-Arbe espaloiaren proiektua, berriz, Martuarte enpresari esleitu zion Udalak. Proiektu honekin Udalak aurrea hartu nahi du; hau da, proiektua prest eduki nahi du, hura gauzatzeko aukeraren bat dagoenerako. "Oinezkoentzako espazio berria irabaziko genuke, eta Arbeko surf gunea eta aisialdi gunea herriarekin lotuko lituzke, baita Laranga auzo ere". Proiektua gauzatu duten arkitektuek emango dute bigarren proiektu horren berri ere.