Mutrikuarrek kanpoan zein Mutrikun egindako euskarazko ekoizpenari azken begiratua emateko aukera

2012/12/04
Espainiako gerrate Zibilaren aurretik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea egiteko aukera ematen du 'Gure Aurrekoak' erakusketak; egunkarietako kronikak ez ezik, argazki zaharrak, herri ekimenetik jaiotako argitalpenak, antzerkiari edota kantugintzari lotutakoak eta abar luzea daude jendaurrean jarriak.

Mutrikuarrei harro egoteko arrazoia. Hori da Irakurzaleen taldeak Zabielen jarritako erakusketarekin herritarrei eman dietena. Ikusi ez duenak oraintxe du azken aukera. Izan ere, 'Gure Aurrekoak' erakusketak gaur eta bihar, 18:00etatik 20:00etara, eta zapatu-domekan 12:00etatik 14:00etara zabalduko ditu azkenengoz ateak.

Mutrikuarrek hainbat argitalpenetan egindakoa edota Mutrikun sortutakoetan egindako lana plazaratu du, modu oso orokorrean esanda, erakusketak. Euskarazko produkzioak jarri dute begibistan, eta altxor ugari batzea lortu dute.

Gerra aurretik egindakoetatik hasten da, eta gaur egun argitaratzen diren herri aldizkari eta tokiko egunkarietarainoko bidea erakusten dute Zabielen. Egunkari/aldizkarietan egindako lanak ez ezik, kantugintzan, antzerkilaritzan eta abar luze baten egindakoak dakartzate gogora eta argazki zaharrak eta garaian garaiko tramankuluak ere jarri dituzte. Herri ekimenetik hainbat urtetan jaiotako agerkariak ere ikus daitezke. Eta batetik bestera, urteetan euskararen inguruan herri batek eta bertako herritarrek egindakoari begirada bat emateko aukera ezinhobea eskaintzen da.  "Tamaina txikiko altxor haundi asko daude hemen", zioen bisitarietako batek erakusketaren definizio ederra eginez.

Bilketa lan izugarria egin dute Irakurzale Elkartekoek, begiradatxo bat bada ere eman gabe pasatzen laga beharko ez litzateken horietakoa.