Mutrikuk bi ordezkari izango ditu Fitur azokan

2026/01/22

 Mutrikuk presentzia izango du Madrilen urtarrilaren 21etik 25era ospatuko den Turismoaren Nazioarteko Azokan, Fitur-en.

Herriko alkatea den Ainhize Azpiazu eta Turismo teknikaria den Marta Amonarriz bertan izango dira, udalerriaren eskaintza turistikoa nazioarteko turismo-sektoreko erakusleiho nagusietako batean aurkezteko.

Mutrikuko turismo-eskaintza Debabarreneko eskaintza bateratuaren barruan aurkeztuko da, eta eskualde horretako proposamena Gipuzkoako kostaldeko eskaintzan txertatuko da. Testuinguru horretan kokatzen da Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta eskaintza osoa Euskadiko Turismoaren standean ezagutaraziko da.

Era berean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak presentzia aktiboa izango du Fitur azokan, proiektu berritzaile bat aurkeztuko dutelarik.

Berrikuntza horien artean nabarmentzen da Geoparkearen Tour Birtuala; lurraldea, bertako baliabide natural eta kulturalak eta nortasuna ingurune digitalean erakusteko sortutako tresna berria.

Urtarrilak 21ean,  Geoparkeko ordezkariek Geoparkeen standaren inaugurazioan parte hartuko zuten. Tour Birtualaren aurkezpen ofiziala ostegunean, urtarrilaren 22an, izango da: 15:00etan Euskadiko standean eta, ondoren, 17:00etan Geoparkeen standean.

Geoparkeko ordezkariek azpimarratu dutenez, Fitur turismo-sektoreko erreferentziazko hitzordua bihurtu da, nazioarteko topagune gisa eta industriako profesionalentzako negozio-plataforma gisa sendotuz. Azokaren lehen hiru egunetan bisitari profesionalentzat soilik egongo da zabalik, eta asteburuan, berriz, publiko orokorrari irekiko zaio.

Mutrikuren presentziak Fitur azokan udalerriaren sustapen turistikoarekiko konpromisoa indartzen du, bai eta lurraldeko gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko apustua ere, Euskal Kostaldearen balioa elkarrekin kanpora zabaltzeko helburuarekin.